Ostegun gauean hauteskunde debate bat izan zen ETB2n... Ez, ez nabil seriotan, ez zaituztet hirugarrenez jarraian debate batekin aspertuko. Nik neuk ere nahikoa daukat asteazkenean hiru aldi berean ikusi ondoren. Gaur ETBz nahi nuke ari; zehatzago, ETB1ez. Gaia beti hor egon da, ETB1en hasieretatik, baina asteon sortu da berriz eztabaidatxoa.
Gorka Bereziartuak bere blogean egindako hausnar batek abiatu du dena: Sautrela-k jarraituko, ez jarraituko, gaizkiulertua izan zen hainbat jenderen artean. Gutxienekoa da. Sautrela-k jarraituko omen du eta berdin balio du egin zen hausnarketak: gero eta motibo gutxiago daude ETB1 ikusteko. Ez diot nik barrik. Min ematen du gogorarazteak, baina %1,7ko audientzia izan du kateak pasa den urrian. Euskarazko kate publiko bakarra dugu ETB1. Telebista publiko eta autonomikoa (horixe baita ETB, ez gaitezen engaina, nahiz euskal adjektiboa eraman). Eta pil-pilean da telebista publiko-autonomikoen gaia. PPk pasa den astean horiek pribatizatzeko lege bat bultzatuko dutela iragarri zuen. El País berripaperak erreportaje bat atera berri du, krisi garaiotan telebista autonomikoak gastu itzela direla gaztigatuz. Canal 9 valentziarrari ematen zion egurra batez ere. Kanpaina egiten ari zela, alegia. Baina hor barrena dabilen zurrumurrua jaso ere jasotzen zuen.
Publikoa nahi dugu, noski, ETB1. Publikoa, Andoni Egañak funtzionarioez, oposizioez berriki esan bezala, neurgailurik eza baino juxtuagoa iruditzen zaigulako neurgailurik txarrena ere. Eta publiko-publikoa, ez TVGrekin egin nahi dutena —Xuntako presidentea buru—. Kalitatezkoa ere nahi dugu. Jose A. Perezek hamar arrazoi eman ditu berriki telebista publikoa defendatzeko. Horien artean: EiTB Kultura (ETB), Teknopolis (ETB), Nick dut Nik (ETB). Bereziartua jaunak Orain, Ipupomamua, Zinemateka, Sautrela bera aipatzen zituen, guztiak ere hasieretako ETB3 esperantzagarri hartakoak. Eta lehiakorra izateari dagokionez, zifra bat datorkit burura: 1,7. Horrekin lehiatzeak ez duela zail-zaila behar. Baina arrazoi zuen Beñat Sarasolak blogean eman erantzunean: «Telebistako jerifalteak barrez imajinatzen ditut gure xalotasunaren lepotik. Dena den, uste dut ezin zaiola eztabaida publikoari izkin egin. Eta blog baten edo zutabe horizontal baten mugak baino zabalagoak eskatzen dituela».
Komunikazioa. Ekografiak
Publikoa, kalitatezkoa, lehiakorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu