Oporren ondoren, hondartzan eta tabernako terrazan harturiko kiloak kentzen hasten da jende asko. ETB2n, berriz, denboraldi berria hasi du koipeari eta kolesterolari beldurrik ez dien saio dietetika aldetik okerrak. David de Jorge sukaldariaren proposamenak, Robin Food, Atracón a Mano Armada-k, berrikuntzak dakartza, eta emakumeei sukaldearen atea irekiko die, aholkulari gisa baino ez bada ere.
Goi mailako sukaldaritzaren dotoreziari eta elitismoari uko egiten die De Jorgeren saioak, apropos. Halere, Martin Berasategi sukaldaria hartuko du ostegunetan, jaiegunetan bere buruari eta ingurukoei prestatzen dizkien platerak erakusteko: «Benetako sukaldaritzako plater sendoak».
Emakumeak eta sukaldaritza
Berrikuntzen artean Los ángeles de Daivid atala dago. Hiru emakumek aholkuak emango dizkiote sukaldariari. Luisa Lopez, Arantxa Ezkurdia dietista eta Mari Carmen Gonzalez belarretan, loreetan eta mahaiak apaintzen aditua dena ikusiko ditugu sukaldearen inguruan, baina horren lema hartu gabe. «Sekulako luxua da», dio sukaldariak, «odolkiei xuxurlatzen ohituta dagoen gizon batentzat».
Asteartero, Bailando con lobos atalean, sukaldaritzako eta ikuskizunaren munduko pertsonaiak ekarriko dituzte pantailara, «benetako sukaldaritza» horren ildoan sakontzeko.
Hilean behin Los Intocables atala emango dute saioan. Horretan, jatetxeak hornitzen dituzten ekoizleak ezagutu ahalko ditugu. Mundu osoko lehen mailako janariak non eta nola sortzen dituzten erakutsiko digute, erreportaje baten bitartez.
Krisi sukaldaritza
Ekonomiaren egoera kontuan hartuko du saioak. Saioko giro umoretsuari uko egin gabe, janari merkea eta tuperretan sartzeko proposamenak nabarmenduko dituzte. Horiekin batera, mikrohuin labean presta daitezkeenak erakutsiko dituzte, eta, kontraste gisa, kaloria gutxikoak.
Ostiralero, berriz, bere estiloari fidel izateko aukera izango du sukaldariak, Guarrindongadas tartearekin. Ikusleek www.daviddejorge.com gunearen bidez helarazten dizkioten proposamenik heterodoxoenak kameren aurrean gauzatuko ditu; «perbertsio gastronomikoak», haren hitzetan.
Ikusleen parte hartzea sustatuko dute, hilero sukaldeko tresnak oparituta.
Plato-sukalde txiki eta ziztrinegia erabili izana leporatu diote hainbatetan saioari. Denboraldi honetan, leiho handi bat izango du, lorategi batera begirakoa.
Komunikazioa
'Robin Food' goseturik itzuli da
Denboraldia hasi zuen atzo David de Jorge sukaldariaren saioak, eta hainbat atal berri agindu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu