Komunikazioa

'RRV. La gran martxa de los 80' lana estreinatuko dute gaur La2 katean

Josu Zabala, Loles Vazquez, Marino Goñi, Iñigo Muguruza eta Aurora Beltran agertzen dira, besteak beste

Paco Galan Eskorbuto taldeko bateria jotzailea Santurtzin, dokumentalaren grabaketa batean. K2000.
urtzi urkizu
Donostia
2013ko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den astean Aquellas movidas dokumental zikloa ematen hasi zen La2 katea. Anton Reixaren Galicia Canibal lana izan zen aurreneko atala, Galiziako 80ko hamarkadako musika taldeei buruzkoa (RTVEko webgunean ikus daiteke). Gaur gaueko 01:00etan, berriz, Euskal Herrira begira jarriko da programa Begoña Atutxaren (Bilbo, 1961) Rock Radikal Vasco. La gran martxa de los 80 dokumentalaren estreinaldiarekin.

Dokumentalaren aurkezlea Roberto Moso Zarama taldeko kantaria da. Santurtzin hasiko du bidea Mosok, Eskorbuto taldeko kide Paco Galanekin hitz egiten —Iosu Exposito eta Juanma Suarez taldeko beste bi kideak 1992an hil ziren—. Subversion X eta Zarama taldeetaz aritu ostean, Mosok Las Vulpes taldeko gitarra jotzaile Loles Vazquez elkarrizketatuko du. Me gusta ser una zorra kantarekin sekulako oihartzuna izan zuen bere garaian Las Vulpes taldeak.

Dokumentalean garrantzia berezia hartzen du Marino Goñi ekoizlearen parte hartzeak. RRV etiketaren asmatzaileetako bat izan zen, eta euskal rock erradikalaren bultzatzaile garrantzitsua.

Gasteizera ere joko du K2000 ekoizpen etxeko lantaldeak, Hertzainak-eko kide Josu Zabalarekin hitz egiteko. Gasteizen bertan Euskadi Tropikala oroituko dute Potato taldeko Pedro Espinosarekin eta Elena Lopezekin.

Politika gaiak ez dituzte alboan utziko dokumentalean, eta 80ko hamarkadako giro politikoaren berri emango dute.

Gipuzkoara egindako bidaian, Kortatuko Iñigo Muguruza elkarrizketatuko dute. Arrasaten, berriz, RIP taldeko Yul eta Txerra Bolinagaren hitzak jasoko dituzte —taldeko beste bi kideak, Mahoma eta Portu, hil egin ziren—.Cicatrizetaz ere ariko dira, Tati Jimenez eta Gaizka Etxebarrietarekin. Fanzineez, irrati libreez eta gune autogestionatuez mintzatuko dira, halaber, aipatutako lagunekin.

Iruñean Barricada taldearen lehen pausoak gogora ekarriko dituzte. Eta Aurora Beltran Belladona taldeaz ariko da. La Polla Records taldearen irudiak eta kantak ere ez dira faltako Begoña Atutxak zuzendutako lanean.

«TVEk ez du plano bat ukitu»

Fermin Etxegoienek idatzi du dokumentalaren gidoia. Eta ekoizle eragileak Sabin Uriarte eta Begoña Atutxa bera dira. «2011ko udarako amaitua genuen dokumentala, eta programazio kontuengatik orain arte TVEk ez du eman. Baina lanarekin ez da inolako arazorik egon. Baiezkoa eman ziguten lehen unetik, eta ez dute plano bat ere ukitu», adierazi du Atutxak.

Dokumentalak telebistako estreinaldiaren aurretik bi proiekzio izan ditu: bata Bartzelonako Zine Dokumental Musikalaren Nazioarteko Jaialdian 2011ko urrian. Eta bestea iazko ekainean Bilbon, Live Music Experience erakusketaren harira. «TVEk ez zuen eragozpenik jarri».

Dokumentala «maitasun guztiarekin egina» dagoela iruditzen zaio zuzendariari. «Dokumentalaren bidaian RRVa sortu zen gune nagusietan ibiliko gara, eta bere protagonistekin hitz egin, nahiz eta haietako batzuk jada gure artean ez egon». 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi zen giroa hobeto ezagutzeko ere aukera ematen du lanak.

Aquellas movidas dokumental zikloak beste hiru atal izango ditu. Datozen bi ostiraletan Madrilgo movida aztertuko dute Alejandro Caballerok eta Antonio Morenok zuzendutako Frenesí en la gran ciudad lanarekin. Eta hilaren 22an Kataluniara joko dute azkeneko atalean: Barcelona era una fiesta. Underground.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.