RTVEko albistegien «manipulazioa» ikertuko du Europako Legebiltzarrak

Parlamentuak txosten bana eskatu die Europako Batzordeari eta Askatasunen Batzordeari

Manipulatzea, zentsuratzea eta publizitatea informazioz mozorrotzea leporatzen diete langileek TVEko albistegiei. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
RTVEko kazetariek urteak daramatzate salatzen Espainiako telebista publikoko albistegietan barra-barra erabiltzen dela «zentsura eta manipulazioa», baina ez dute lortu zuzendaritzak jarrera aldatzea. Oraingoan, TVEko Albistegietako Batzordeak Europako erakundeetara eraman du salaketa, eta Europako Legebiltzarrak onartu egin du egoera ikertzea.

Batzordeak berak zabaldu du albistea agiri baten bitartez. Iragarri dutenez, Europako Legebiltzarreko eskaera batzordeak onartu egin du ikertzea, eta, behar izanez gero, «neurriak hartzea Espainiako Gobernua behartzeko objektibotasun, pluraltasun eta alderdikeriarik ezaren printzipioak betetzera». Batzordeak gogoratu du Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartak eta 2010/13 zuzentarauak gobernuak horretara behartzen dituela.

Horrez gain, Europako Legebiltzarrak gaiaren inguruko txosten bana eskatu die jada Europako batzordeari eta Askatasunen Batzordeari. «Horrek baieztatzen du zuzen ari garela», esan du Alejandro Caballerok, Albistegi Batzordeko presidenteak. «Izan ere, eskaera onartu izanak berak esaten digu Europan uste dutela badirela zantzuak hemen manipulatu egiten dutela esateko». Barne kontrola eta kazetarien independentzia bermatzea dira Albistegien Batzordearen eginkizunak. Bost urtez salatu du taldeak RTVEko zuzendaritzak ez dituela betetzen Espainiak zein Europako Batasunak informazio eskubidearen inguruan ebatzitako legeak.

TVEren manipulazio, zentsura eta ezkutuko publizitate kasuen txostena argitaratu zuten 2017. urtearen amaieran, eta 50 bat kasu jaso zituzten urte horren azken hiru hilabeteetan bakarrik.Tartean zen Manuel Morocho poliziaren adierazpenak Telediario saioan jaso ez izana: inspektoreak esan zuen bazeudela Mariano Rajoy eta PPko beste buru batzuk alderdiko B kutxatik dirua jaso zuten zantzuak. Horrez gain, La Mañana saioan kamera ezkutua erabili izana salatzen du txostenak: Black Friday eguneko iruzurren harira, saltoki bateko langile baten adierazpenak grabatu zituzten, hark jakin gabe; gero, saltokiak kanporatu egin zuen langilea. Telediario-n publizitate mezuak informazio itxuran eman zituztela salatu zuten, eta Galizian eta Asturiasen (Espainia) gertaturiko suteak ezkutatu, herritarrak «informazioa beste kateen bidez jasotzera» behartuz, txostengileek adierazi zutenez. Lehen ere, Barcenas auzian eta bestelako ustelkeria kasuetan PP alderdiaren siglak ezkutatzea egotzi diote zuzendaritzari.

Europako Legebiltzarreko webgunean agertu ondoren, taldeek zein gizabanakoek aukera izango dute ikerketarekin bat egiteko, klik baten bidez. Litekeena da, gainera, Albistegi Batzordea Bruselara gonbidatzea datozen hilabeteotan. «TVEn beterano garenontzat ez dago zalantzarik: hau da inoiz bizi izan dugun garairik beltzena. Eta oso ilunak pasatu ditugu», esan du Caballerok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.