Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (VI). Haritz Rodriguez. Kazetaria eta blogaria

«Sare sozialetan nola eta zertarako egon behar den jakitea da gakoa»

'Transistoria.com' eta 'Tokitan.tv' proiektuen sortzailea da Rodriguez.

BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Komunikazio transmediara birziklatutako euskal kazetari bat da Haritz Rodriguez (Caracas, Venezuela, 1978).

Zergatik zara Twitterren @Xuriken eta ez Haritz Rodriguez?

Twitter sortu zenean, aurreneko twitterlari euskaldunak zeintzuk ziren agertu zen Sustatun. Ezizen bat jarri beharra zegoen. Ni judozalea naiz, eta xuriken izar ninjak dira. Horregatik hartu nuen ezizen hori.

Tokitan.tv bideblogarekin hara eta hona ibiltzen zara bidaiatzen. Bidaiek eta sare sozialek gero eta harreman estuagoa al dute?

Bai, oso harreman estua dute. Batetik, sare sozial orokorrek (Facebook eta Twitter) eta, bestetik, espresuki bidaiazaleentzat sortutako sare sozialek. Tripadvisor ere sare sozialtzat jo daiteke; hor bidaiariek euren iritzi eta proposamenak idazten dituzte. Jendeak orain, bidaiatzerakoan edo bidaiatik itzultzean, argazki mordoa jartzen du sare sozialetan. Turismo bulegoek eta agentziek ere kontuan hartzen dituzte sare sozialak, gero eta gehiago.

Tokitan.tv martxan jarri aurretik promozio dezente egin zenuen Facebooken eta beste gune batzuetan. Beharrezkoa al da lan hori egitea proiektu bat abiarazteko?

Beharrezkoa ez dakit, baina zentzuzkoa bai. Gaur egun Interneteko komunikaziorako proiektu batek derrigorrean egon behar du sare sozialetan. Batetik, promoziorako bide on bat delako eta, bestetik, ikus-entzuleekin harremanetan izan eta parte hartzea bultzatzeko. Tokitan.tv-ri dagokionez, Twitter erabiltzen dut une bakoitzean non bidaiatzen ari naizen kontatzeko. Eta Facebook gehiago aldizkari gisa erabiltzen dut.

Transistoria.com enpresan, berriz, nolako plangintza duzu sare sozialei begira?

Enpresek normalean zailagoa dute sare sozialetan promozio eta marketina egitea. Zergatik? Ba, jendea ez delako ergela, eta badakielako enpresak hor sartzen direla bere burua promozionatzeko. Transistoriaren kasuan, gai berean interesa dutenekin harremanetan jartzeko balio digute sare sozialek. Enpresa txikia izanda, oso ondo datorkigu enpresa handiagoak ezagutzeko. Hainbat kasutan, proiektuak partekatu egin behar izaten ditugu. Eskaintzen ditugun zerbitzuen artean, halaber, sare sozialetako komunikazioa dago.

Transistoria transmedia proiektu bat da. Zer da zehatz-mehatz transmedia kontzeptua?

Gure zerbitzuek transmedia izateko bokazioa dute. Transmedia oso kontzeptu irekia da. Istorioak kontatzea da gakoa, eta bezeroei hainbat modutan kontatu ahal izatea eskaintzea. Hainbat kanal eta euskarritara aldi berean zabaltzea, alegia. Eta, bide batez, kanal bakoitzean istorio horrek izan dezala bere bilakaera propioa.

Sortzaileen euskarazko bideoak YouTube eta sare sozialen bidez zabaltzeko joera nola ikusten duzu?

Ezinbestekoa da hori. YouTube bera sare sozial bat da. Zuzeu ere sare sozial batetik gertu dago eta edukiak hor partekatzea garrantzitsua da. Aukera horiek gabe, bideo bat egin eta posta elektronikoz zabalduko litzateke, baina zailagoa izango luke zabalpena. Mikropolis Donostia bideoa egin nuenean, adibidez, sare sozialen bitartez bi mila lagunek partekatu zuten. Sare sozialetan oso modu dinamikoan eta errazean parteka daitezke edukiak.

Zer iritzi diozu Berriketan.info sare sozialari?

Oso interesgarria iruditzen zait. Berriketan.info-k hasieran helburu argia izan du: BERRIA Taldeko kazetariak eta irakurleak harremanetan jartzea.

Garai batean, Kontseiluan aritu zinen lanean. Euskararen mundua jabetu al da sare sozialen garrantziaz?

Bai. Bi urtetik hona mundu guztia jabetu da sare sozialen garrantziaz, eta euskalgintza ere bai. Kontua da batzuk, erdaraz edo euskaraz, estrategiarik gabe sartzen direla sare sozialetan. Nola egon aztertzea da gakoa, zertarako eta zer helbururekin. Denbora inbertsio bat dela ere kontuan hartu behar da. Jakin behar da jarraitzaileen iritziak entzuten eta kasu egiten.

Google+ eta Diaspora sare sozialak nola ikusten dituzu?

Google+ ondo egina dago, eta Googlen produktu bat indar hartzen joaten bada, dardar egin dezatela beste guztiek. Googlek lehiakideei min handia egiten die muturra sartzen den eremuetan. Diasporak funtziona dezake, baina erabilera masiboa izan gabe. Diasporak gauza interesgarriak ditu; norbere datuen erabilera komertzialik ez du egiten. Facebooken, berriz, onartzen duzu hor jartzen duzun guztia Facebooken esku dagoela eta saldu egin dezakeela. Beraz, Facebook etikoa litzateke Diaspora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.