Sexu heziketa katodikoa

Norvegiako telebista publikoan arrakasta handia izan du azkeneko urtean sexu heziketari buruzko saio batek. Euskaraz bakarra izan da, eta bi hilabete iraun zuen.

ETB1eko Sexsua saioa 2015eko maiatzean eta ekainean eman zuten. Jon Gomez Garai zen gidaria. ETB.
urtzi urkizu
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pubertaroaren hasiera, titiak, zakila, ilea, ahotsaren aldaketa, bagina, hilekoa, zaldarrak eta izerdia. Gai horiek modu esplizituan pantailaratu zituen Norvegiako NRK telebista publikoak Pubertet saioan. Harrera beroa izan zuen. Eta NRK-k berak ematen dituen sarietan, urteko kazetaritza onenaren saria jaso zuen, otsailean. Tonu hurbil, natural eta dibertigarria erabiltzen zuen Line Jansrud aurkezleak. Norvegiako telebista publikoan, azkeneko urteetan, tentuz ari dira sexu heziketan lanean. Newton telebista saio berritzailea ere horren adibide da. Zenbait kritika jaso arren, ikusle datu apartak lortu zituen iaz. Eta sexu heziketan sakontzeko helburuan, izan du gizartean eragina. Aintzat hartzeko modukoa da Norvegian 1970eko hamarkadan sartu zutela curriculumean sexu heziketaren gaia. Telebista, neurri batean,gizartearen ispilu ere bada.

ETBk euskaraz sexuarekin lotuta eginiko saio bakarra iazko udaberrian eman zuen, bi hilabetez: Sexsua. Jon Gomez Garai kazetariak zuzendu eta aurkeztu zuen. Haren ustez, Norvegiako saioak oraindik gai tabua denari «modu ezin zuzenagoan» eutsi izana da, «akaso», arrakastaren gakoa. «Telebista publikoek derrigortuta egon beharko lukete entretenimendua eta hezkuntza uztartzen dituzten saioak eskaintzera». Bide horretan, egin zuen saiakera Sexsua programarekin. ETBko zuzendaritzak balorazio «ona» egin du saioak egin zuen bideaz: «Nahiz eta ikusle datuetan katearen batez bestekoa baino apalagoa izan». Oraingoz, ETBk ez du aurreikusi Sexsua-ren beste denboraldi bat egitea. «Baina saioak ibilbide berria izan dezake», adierazi du ETBko zuzendaritzak. Arrazoi ekonomikoak aipatu ditu Gomez Garaik programaren ibilbide laburra azaltzeko. «Genuen aurrekontuak ez zigun aukerarik eman produkzio handiko saio bat egiteko, baina, hala ere, programa arinak eta erraz ikusteko modukoak egin genituen sentipena dugu. Hori da, behintzat, jendeak esan ziguna».

Norvegiako Pubertet saioa Euskal Herrian egokitzea ideia ona litzatekeela uste du Gomez Garaik: «Beste herrialdeetako saio arrakastatsuak egokitu dituzte Euskal Telebistan. Zergatik ez Pubertet geurera ekarri? Herrialderen batek horren beharra baldin badu, hori Euskal Herria da». Kazetariaren iritziz, Euskal Herrian sexu kontuak beste herrialde batzuetan baino tabuagoak dira.

ETB2n 2002-2003ko denboraldian eman zuten sexuarekin lotutako beste saio bat: Me lo dices o me lo cuentas. Lorena Berdun sexologoak aurkezten zuen. Ordutik, hamahiru urteotan gaztelaniazko katean ez dute eman sexu heziketarekin zerikusia duen programarik.

Askotariko estiloak

Inguruko telebista kateetan, estilo ezberdinak erabili izan dituzte sexua lantzeko garaian. Espainiako TVE telebista publikoan, 1990. urtean eman zuten sexu heziketari buruzko programa bat: Hablemos de sexo. Narciso Ibañez Serrador zen zuzendaria, eta Elena Ochoa sexologoa aurkezlea. Ordutik, basamortua Espainiako kate publikoan.

Frantziako telebista publikoan eskaini izan dituzte erreportajeak eta saioak sexualitatearekin lotuak. Horietako batzuk Interneten ikus daitezke, honako helbide honetan: education.francetv.fr/ tag/sexualite. Duela bi urte, berriz, zer esana eman zuen Arte katearen L'Education sexuelle saioak. Bi minutuko animaziozko filmak ematenzituzten programa horretan, eta internauta batzuek edukiak kritikatu zituzten, «pedofilia sustatzen» zutelakoan. Polemikak ez zuen bide handirik egin; zarata besterik ez.

Gomez Garaik uste du komunikabideek sexu heziketan «ardura handia» dutela. «Ez bakarrik aluaren, zakilaren edo hilerokoaren inguruan berba egiteko. Berdintasuna landuz, genero indarkeria saihesten laguntzeko asko egin dezakete komunikabideek». Sexuarekin lotutako gaiak nola landu, zer estilotan, aztertzeko moduko gaia iruditzen zaio kazetariari: «Estilo egokiak deskubritzean dago gakoa, gailu eramangarrien eta sare sozialen garaian ez baita erraza gazteak telebistara erakartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.