Nagore Uriarte. Kazetaria

«'Sexualitatea' esan, eta jendeak 'sex shop' bat irudikatzen du»

Uriarte kazetariak generoaren, sexualitatearen eta berdintasunaren inguruko 'IDEMtitateak' saioa egiten du astero Hamaika telebistan, emakumeak «indartsu» agertzeko.

Edu Lartzanguren.
2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
IDEMtitateak saioa aurkezten du Nagore Uriartek (Bilbo, 1985) Hamaika telebistan. Generoaren eta berdintasunaren inguruko eztabaida piztu nahi du. Astero ematen ari dira, eta urtea amaitu arte emango dute.

Saioaren izenburuan berdintasunaren eta nortasunaren arteko hitz-jokoa egiten duzue. Zergatik eta zertarako sortu duzue IDEMtitateak?

Iaz, egunero elkarrizketa bat egiten nuen estudioan, eta konturatu nintzen ia beti gizonezkoak genituela platoan. Alde batetik, nire, edo geure, errua zela onartu behar dut. Baina, bestetik, ohartu nintzen saioa ekoizteko lanetan askotan emakumeei deitzen nienean erantzun bera jasotzen nuela: «Ni ez naiz gai horretaz hitz egiteko», esaten zidaten. Eta gaiaren inguruan tesia idatzia zuten, edo ikasketa luzeak eginak zituzten! Edo esaten zidaten prentsarako izanez gero baietz, baina telebistan lotsa ematen ziela edo oso urduri jarriko zirela kamera baten aurrean. Hori konpondu nahi nuen, alde batetik, eta sexualitatearen inguruko saio bat egiteko gogoa nuen, bestetik.

Baina saioa sexualitateaz harago doa, ezta?

Bai. Ez genuen geure burua sexualitatera mugatu nahi; horregatik ez da sexu hitza agertzen izenburuan. Izan ere, sexualitatearen gaia jorratu nahi duzula esaten duzunean, jendeak berehala irudikatzen du sex shop baten barrutik egingo duzula eta kontu friboloez arituko zarela. Nik beste zerbait nuen buruan: saio serio bat, emakumeak gai serioen inguruan hitz egiten, batez ere gai politikoez, askotan politikoak ez direla ematen dutenez, baina oso politikoak direnez.

Ohiko gaiez gain, inoiz telebistan landu gabekoak jorratzen dituzue: emakumeen eginkizuna borroka armatuan eta amatasuna kartzelan, besteak beste.

Espetxe gaiaz mintzatzeko, Oihana Etxebarrietarekin egon ginen, eta harreman afektibo-sexualez aritu ginen. Aztertu genuen nola sentitzen den preso den edo bikotekidea preso duen emakumea. Borroka armatuarena ez dago oraindik lotuta, baina ari gara. Beti irudikatzen dugu gizona gerretan, baina emakumeek garrantzi handia izan dute, herrialdearen arabera modu batean edo bestean. Abendura arte arituko gara saioarekin. Emakumeak indartsu agertzea nahi dut, natural eta seguru. Lehenengo planoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.