Txalaparta doinuekin eman diote hasiera gaur goizean Donostiako Tabakaleran Gema Europe Summit & Awards ekitaldiari. Gema marketinarekin lotutako nazioarteko akademiak antolatzen du urtero, eta aurten Gipuzkoako hiriburuan egiten ari dira. EITB ari da anfitrioi lanak betetzen, eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariak egin ditu lehen hitzak.
Evan Shapiro telebista ekoizle eta New Yorkeko Unibertsitateko irakasleak ez ditu txalapartaren ttakunak erabiltzen. Harentzat, «datuak dira gakoa» ikus-entzunezkoen kontsumo joerei begiratzerako orduan. Eman ditu hainbat datu argigarri: adibidez, iaz mundu osoan Google, Amazon eta Meta konpainiek bereganatu zituzten publizitate inbertsio guztien %61. «Telebista tradizionaleko kate guztien publizitate sarrerak adina lortu zituen iaz Meta konpainiak». Konpainia horrenak dira Facebook, Instagram eta Whatsapp.
Sektorean hedabide eta sareen unibertsoaren kartografotzat jotzen dute Shapiro. Mapak osatzen ditu, eta munduko 125 konpainiarekin ondutako mapa erakutsi du Gema ekitaldian. «Garai berri batean gaude, eta garai horretan erabiltzailea dago erdian». Datuek diotena entzun behar dela argi du Shapirok; «kontsumitzaileek esango dizute nora doazen eta zer nahi duten».
Datu asko eman ditu Shapirok hitzaldian. Aipatu du, kasurako, azkeneko bost urteetan komunikabide tradizionalak %3 hazi direla. Baina askoz gehiago hazi dela sormenari dagokion alorra: %25. Bestalde, azaldu du kontsumitzaileek oso bizkor ematen dutela izena zerbitzuetan eta orobat oso azkar uzten dituztela. «Iaz, streaming premium ekosistema osoak 174 milioi harpidedun gehitu zituen». Baina harpidetza horien atxikitzea edo fideltasuna txikia da, apaldu egin da denbora gutxian. «Atxikipena %15ekoa da, duela bi urte baino %27 txikiagoa».
Bestalde, adituak nabarmendu du gaur egun edukia dela gakoa. «Baina gaur edukia merkantzia da, eta, edukiaren mundu merkantilizatu batean, entzuleen ahotsa hartu behar da aintzat».
Fragmentazioari garrantzi handia ematen dio Shapirok egungo egoera ulertzeari begira. «Zatiketan eroso ez bazaude, agian hau ez da zure industria. Besarkatu egin behar duzu fragmentazioa, ulertu egin behar duzu».
Youtuberen indarra
Ikus-entzunezkoen kontsumoan Youtubek indar oso handia duela nabarmendu du Shapirok. Horren erakusgarri, munduan bederatzi milioi kanal baino gehiago daude atari horretan. Eta hizlariak azaldu duenez, bideo luzeak gero eta gehiago kontsumitzen dira Youtuben. Podcastak entzuten eta ikusten mila milioi herritar ari direla gaineratu du.
«Fragmentazioaren eta zatikatzearen testuinguru berrian, sortzaileak dira Hollywood berria», dio Shapirok. «Baina markak, editoreak eta komunikabide tradizionalak izan daitezke, eta horiek izan beharko lukete sortzaile handienak... atzean gelditu nahi ez badute». Eta horri ekiteko orduan audientziak eta datuak funtsezkoak direla gaineratu du. «Kontsumitzaileak jartzen badituzu egiten duzun guztiaren erdigunean, erabiltzaileak jartzen badituzu hartzen duzun erabaki bakoitzaren erdigunean, zure ikusleen ahotsa entzuten baduzu —horiek dira datuak—, bizirik iraun baino zerbait gehiago egin ahalko duzu».

Ikus-entzunezkoen eta marketinaren beste hainbat ordezkari esanguratsu ari dira parte hartzen Gema ekitaldian. Amanda Butler (Netflix), Carine Jean-Jean (RTL), eta Red Bee Creative ekoiztetxeko Aileen Madden eta Jane Fielder, besteak beste. Azken bi horiek telebista indartsuen marken diseinua aztertu dute. Alemaniako RTL telebistako ordezkari Jean-Jeanek ohartarazi du Europan herritar bakoitzak egunean hiru ordu eta erdi pasatzen dituela telebista konbentzionalaren aurrean. «Gertuko edukiak egin behar ditugu, hartzaileengandik gertu egon beharra dago», adierazi du. Phil Turner saiatu da 25 minutuan adimen artifizialarekin bideo bat egiten, baina saiakera ez da uste bezain ondo atera.
Gema sarien banaketa 19:30ean egingo dute, Tabakaleran bertan, eta ekitaldi horren aurkezle lanak Nerea Reparaz ETBko kazetariak egingo ditu.
