Softwarea erredaktore lanean hasi da

Programa batek datuak albiste bihur ditzake. 'Kazetaritza automatizatua' deritzo, eta garatzen hasia da; kiroletarako balio dezake

Jessica Kunert irakaslea, atzo, Bilboko Bizkaia aretoan emandako hitzaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Teknologia kazetaritzaren ofizioa aldatzen ari da, eta hamaika baliabide jarri dizkie eskura profesionalei: are, softwareak testuak idatz ditzake jada. Kazetaritza automatizatua deritzo horri. Aldez aurretik molde bat zehazten da askotariko aldagaiekin, eta, halaber, sinonimoak txertatzen dira, esaterako, testu denak ez daitezen berdinak izan. Eredu hori erabilita, eta hura eguneratutako datuekin hornituta, programak albistea osa dezake, hasi eta buka, Jessica Kunert Mainzko Unibertsitateko (Alemania) irakaslearen arabera. Alegia, datuak narrazio bilakatzen ditu.

EHUk kazetaritza automatizatuari eta algoritmoei eskaini die aurtengo Ziberkazetaritza Kongresua, eta teknologia horren onurez eta arriskuez jardun zuen Kunertek atzo, Bilboko Bizkaia aretoan. Azaldu zuenez, tresna hasierako urratsak egiten ari da oraingoz, eta interesa eta errezeloa pizten ditu hala profesionalengan nola irakurleengan.

Datu mordoa sortzen duten gertakarien berri emateko balio du kazetaritza automatizatuak, hala nola finantzetarako eta delituetarako. Kunertek futbol partidetarako izan dezakeen erabilera ikertu du, eta Alemaniako tokiko erredakzioak izan ditu aztergai. Haren iritziz, erredakzioek ez dute ez astirik ez baliabiderik maila erregionalean jokatzen diren partida guztiez informatzeko; automatizazioarekin, ordea, ahal izango lukete. Eskaria badago, jendea ez baita inoiz asetzen informazioaz, irakaslearen irudiko. Bestelako alde onak ere ikusi dizkio Kunertek. «Ekitaldien emaitzak inork baino azkarrago argitaratu daitezke. Gainera, erreportaje sakonagoak egin daitezke, kazetariak ez baitu dena idatzi behar. Hartzaile berriengana heltzeko aukera ere ematen du».

Tresna berriak eragile berriak eskatzen ditu, dena den: kazetariak software eta datu hornitzaileekin lan egin beharko du, programa berria ezagutzeko eta datu andana bat aukeratu eta egiaztatzeko, hurrenez hurren. Baina ez da komeni aktore horiek kazetariaren figura ordezkatzea, Kunerten esanetan. Izan ere, softwarea 250 euro kostatzen da hilean, eta, futbolaren kasuan, inbertsio errentagarria izan daiteke elkarte batzuentzat, irakaslearen aburuz. «Esate baterako, Alemaniako Fussball.de atariak futboleko datu baserik handiena du. Albisteak ateratzen dituzte, baina ez zaie iruditzen kazetaritza egiten ari direnik; halere, kazetariak ordezten ari dira».

Ez da alde negatibo bakarra, ordea. Automatizazioak testuen kalitatea ere baldintzatu dezake, datuetan dagoena baino ez baita agertuko artikuluetan; alabaina, batzuetan datuok mugatuak dira, edo zeresana dute ekitaldiko gainontzeko elementuek ere: ikusleen jokaerak, esaterako. «Kasu batzuetan, automatizazioa oinarri bat da, eta, gero, kazetariak garatu egiten du testua; elkarrizketekin, kasurako».

Etorkizuneko kazetaria

Kazetarien lana programa batek egin badezake, zein izango da etorkizunean kazetarien egitekoa? Kazetaririk gabeko kazetaritza al da norabidea? Irmo esan du Kunertek ezetz. «Kazetaritza ez da zaharkituko, baina aldatu egin beharko du. Gaitasun berriak garatu beharko dira, eta ikuspegi zabala izan: zer egin dezakegu guk algoritmo batek baino hobeto?». Horrek ez du esan nahi kazetariek informatikari edota programatzaile ere izan beharko dutenik, baina profesional horiekin lan egiten ikasi beharko dute. Estatistikari buruzko interesa izango da gakoa, irakaslearen ustez. «Hibridaziora» joko du ofizioak.

Dena den, kazetariak beti izango du tokia erredakzioetan, Kunerten hitzei erreparatuta: besteak beste, hari baitagokio datuak egiaztatzea, irudimentsua izatea, testuinguruari erreparatzea eta baita zer kontatuko den aukeratzea ere. «Kazetariak erabakiko du zer den garrantzitsua eta zer ez, zein datu agertuko diren eta zein ez. Ahalegindu behar du kazetaritza ona eskaintzen». Eta, halaber, hark bermatuko du ikuspegi etikoa. «Kazetariak hartuko ditu erabaki etikoak. Kazetaritzaren forma aldatu egingo da, baina kazetariaren etikak eta idealek berehartan iraungo dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.