'Sorgina' Los Angelesko websail jaialdian lehiatuko da

Maiatzaren 4an eta 5ean egingo dute jaialdia. 'Sorgina' hautagaia da fikzio bertikalen kategorian, edizioan eta thriller generokoetan

Sofia Zallio da Sorgina websaileko aktore protagonista. A FILM TO KILL FOR.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Muxikako Eperlandatik (Bizkaia) AEBetako Los Angelesera bidaiatuko dute euskal sorginen kontuek. Sorgina euskarazko websaila LAWebFest nazioarteko jaialdian lehiatuko da datorren astean hiru kategoriatan: formatu bertikaleko fikziorik onena, ediziorik onena eta thriller onena. Munduan egiten den websailen jaialdirik garrantzitsuenetakoa da Los Angeleskoa, garrantzitsuena ez bada. Eta Sorgina-ren ibilbidearentzat aukera ona izan daiteke han sariren bat irabaztea. Ez litzateke lehena izango, Italiako Vesuvius International Web Fest jaialdian websail onenaren saria eraman baitzuen.

Bidaiatzen jarraituko du Bizkaian grabatu duten fikzio horrek. Izan ere, ekainean Alemaniako Giessen hirian egiten den Die Seriale jaialdian lehiatuko da —euskarazko Daniel|A| fikzioa ere lehian izango da—. Londresko FilmsOnPhone jaialdian, berriz, beldurrezko generoan lehiatuko da Sorgina.

A Film To Kill For Bizkaiko ekoiztetxearen fikzioa da Sorgina, eta oso-osorik sakelako telefonoekin dago grabatuta, formatu bertikalean. Bederatzi atal ditu, bakoitza 5-7 minutu artekoa. Sofia Zallio aktoreak jokatzen du rol protagonista. Gazte batek iragarki bati erantzun dio: euskal mitologiari buruzko dokumental batean egin beharko du lan. Dokumentalaren arduraduna Koldo da, sorginak eta euskal mitologiako kondairak benetakoak direla sinesten duen gizon bat. Neska protagonista, ordea, konturatuko da Koldok obsesio arriskutsua duela berarekin.

Fikzioak Found footage teknika erabiltzen du: testuingurutik kanpo aurkitutako materiala aurkeztean datza. The Blair Witch Project filma da teknika horren adibide esanguratsu bat.

Oliver Mend da websailaren zuzendaria. Rose of Dolls ekoizleak, bestalde, nabarmendu du «erronka handia» izan zela fikzioa sakelako telefonoekin grabatzea: «Formatu bertikalean koadratzea guztiz desberdina da; zinemaren historian egin izan ohi denaren aldean oso bestelakoa da. Baina narratiba bertikala primeran zihoakion beldurrezko istorioari». Formatuari kritika ere egiten dio protagonistak berak.

Alemaniarrekin elkarlanean

A Film To Kill For ekoiztetxea, bestalde, Alemaniako Dobago Filmsekin websail berri bat koproduzitzen ari da: Her name is Nobody. Iazko udan grabatu zuten. Prostituzioan aritzera behartu duten emakume baten istorioa kontatzen du. Ihes egingo du bere proxenetengandik, eta mendekua hartuko du.

Bizkaiko ekoiztetxea 8-14 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako podcast batean ere ari da lanean: (H)ilargiko ePuinak. Beldurrezko generoko irrati nobela «bereziak» izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.