Sermon on the 'Mount (Sermoia mendian) dauka izenburutzat South Park animaziozko saioaren 27. denboraldiko aurreneko atalak, eta zeresana eman du. Izan ere, Donald Trump AEBetako Gobernuko presidentea eta Satan ohe berean sartu dituzte gidoilariek.
Trumpek sexu harremanak izan nahi ditu Satanekin. «Tira, Satan, egun osoa daramat lanean...». Baina Satan ezezkoan dago: «Ez duzu lanik egin! Zure meme txatxu horiek egiten ibili zara, eta izorratu besterik ez duzu egin». Zakil txikiarekin ere egiten dute txantxa eszenan. Satanek zera dio: «Ez dut ezer ikusten, hain da txikia».
Beste eszena batean, Trump Kanadako lehen ministroarekin solasean jarri dute. Eztabaidan. «Ez duzu nahiko Kanada bonbardatzea, Irak bezala, ezta?», esaten dio Trumpek Kanadako lehen ministroari, zergen gaia dela-eta kalapita izan ostean.
South Park-en denboraldi berria uztailaren 9an ziren estreinatzekoak, baina atzeratu egin zuten estreinaldia. Saioaren sortzaileek salatu zuten bazitekeela Paramount eta Skydance konpainien arteko bat egitearen ondorio izatea hori. Hain zuzen ere, AEBetako Gobernuak atzo eman zion oniritzia Paramount eta Skydance enpresen arteko bat egiteari.
Dena dela, azkenean, Paramountek erabaki du South Park-eko egileekin kontratua berritzea, eta bost urtean beste 50 atal egingo dituzte. 27. denboraldiko atalak, behintzat, Comedy Central katean estreinatu eta hurrengo egunean jarriko dituzte Paramount Plus ordainpeko plataforman.