«EITBrik gabe, Euskadi bezalako herri txiki batek zailtasun handiak izango lituzke kanpora begira leiho bat irekita izateko». Hala defendatu du EITBko zuzendari Alberto Suriok irrati-telebista publikoaren eginkizuna, Forum Europan egindako agerraldian. Haren iritziz, ez dago EITB pribatizatzeko arriskurik. «Aurrekontuaegokitzea baino urrunago joateak berekin ekarriko luke zerbitzu publikoa kolokan jarriko luketen marra gorriak gainditzea», gaineratu du. Are gehiago: Surioren iritziz, gizartean gehiengoak «ez luke ulertuko» EITB Jaurlaritzaren lehentasunetako bat ez izatea.
Irrati-telebistaren 30. urteurrena betetzen dela eta, Suriok zenbait gogoeta plazaratu du komunikabide publikoek etorkizunean beteko duten eginkizunaren inguruan. Haren ustez, «etorkizunean demokrazia izango bada, kazetariak eta telebista publikoak ere izango dira».
Halaber, EITBren sorrera sustatu zuten pertsonak goraipatu ditu: «Eredu publikoaren aldeko apustua egin zuten, Euskadiko autogobernua indartzeko tresna gisa». Surioren iritziz, eredu publiko horrek «egunero» irabazi behar du «sinesgarritasunaren bataila», gizarte osoaren «laguntza» bereganatuz, «eta ez bakarrik parte batena, parte hori oso garrantzitsua izanda ere».
«Baserri elektronikoa»
EITB sortu zenetik informazioaren arloan egondako «aldaketak» azpimarratu ditu Suriok. «Iraganean, 'baserri elektroniko' adierazpena sortu zen gure irrati-telebista publikoaren karikatura egiteko eta ematen zuen nekazari irudia gaitzesteko». Komunikazio taldeko zuzendariarentzat, adierazpen hori «gehiegizkoa» izanda ere, horrek agerian uzten zuen EITBn «pluraltasun demokratikoa islatu beharra». Izan ere, Surioren iritziz, komunikabide publikoaren «egitekoa» da, hain zuzen ere, «pluraltasun argazki hori» lortzea. Bestalde, komunikabide pubikoek «ematen duten zerbitzua» aldarrikatu du Suriok, azkenaldian telebista eta irrati publikoen «kontrako giroa» sumatzen baitu. Hala ere, EITBk krisi ekonomikoaren eragina «pairatu» duela aitortu du, eta gogora ekarri 2009tik erakunde publikoen aldetik jasotako aurrekontua 22 milioi euro murriztu dela. Epe horretan bertan, publizitatetik eratorritako diru sarrerek 8 milioi euro egin dute behera, Suriok emandako datuen arabera.
EITBko zuzendariak ohartarazi duenez, «sektore pribatuak ez du bermatzen eduki guztiak telebistan ikusi ahal izatea». Hala, uste du herrialdearen «pluraltasun kulturala eta linguistikoa» bermatzea dela irrati-telebista publikoaren funtzioa. Alde horretatik, ETBk egun duen eredua defendatu du: «Elebitasuna ez da gutizia bat, aniztasun kulturalaren isla baizik». Oraingoz, elebitasun hori euskara eta gaztelaniazko kate elebakarren bitartez egituratzea «beharrezkoa» da, Surioren iritziz. Eredu horrek «kostuak areagotzea» ekarri arren, beste edozein irtenbide «errealitateatik urrun dagoen erredukzionismoa» izango litzateke, EITBko zuzendariarentzat.
«Tortura tresna»
«Burutik sano dagoen zenbait pertsonak kargu batzuk onartzeko arrazoia ez da oraindik antzeman». Modu ironiko horretan egin zuen Iñaki Gabilondo kazetariak Alberto Surioren aurkezpena. Gabilondoren ustez, komunikabide publiko baten zuzendari kargua «tortura tresna bat» da. «Batzuek telebista publikoaren inguruko eztabaidaren mugak gainditu dituzte», adierazi du kazetari donostiarrak, EITBko zuzendari kargua hartu zuenetik Suriok jasandako kritikei buruz ari zela.
Komunikazioa
Surio: «Gehiengoak ez luke ulertuko EITB lehentasunetako bat ez izatea»
EITB pribatizatzeko aukera baztertu du, eta komunikabide publikoen funtzio soziala defendatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu