Euskal Herriko kirol eta kultura arloko pertsona ezagunek agerraldia egin zuten apirilean, eta ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde izeneko gutuna bidali zioten EITBko zuzendaritzari. Ari da bide horretan EITB pauso batzuk ematen —bere kabuz zein eragileen eskariz—. EITBko kazetariek barneko sarean testu bat eta bideo bat dituzte eskura, adierazpenen hizkuntza tratamenduaren ingurukoa. Adierazgarriada zer ezarri duten jarraitu beharreko lehen jokabide gisa: «EITBko kazetariak edo galdetzaileak garbi utziko du EITBk beti errespetatzen duela adierazpenak egitekoa den pertsonaren hizkuntza hautua: Nola nahi duzu, euskaraz, gaztelaniaz, edo bietara?».
Asier Larrinaga EITBko Euskara Zerbitzuko buruak azalduduenez, ekinbidearen jatorria EITBren 2013-2016 epealdiko plan estrategikoan dago: «Lerro bat dago euskara eta euskarazko audientzia sustatzea helburu duena. Helburu hori betetzeko, proiektu batzuk zehaztu ziren. Proiektuetako bat da euskara ikusgarri egitea EITB talde osoan, batez ere gaztelaniazko kanaletan».
EITBko zuzendaritzak adierazpenen inguruko lehen zirriborro bat landu zuen iaz, eta erredakzio kontseiluari aurkeztu zion. Ekarpenak egin zituen erredakzio kontseiluak, eta martxoan adostu zuten testua. «Zabalkundea etorri zen gero. Kazetariekin saioak egin genituen udaberrian, dokumentua ezagutarazteko», azaldu du Larrinagak. «Udan hau guztia ondo joan da, baina akuilua sartzen jarraitu behar da dinamikak sortzeko». Kazetariei adierazpenen inguruko bideoa —agiriarekin batera— zabaltzea «akuilutzat» jo du EITBko Euskara Zerbitzuko buruak.
Dokumentua interpretatzea
Agirian, kale inkesten gaineko bi puntu daude: lehenak dio haur, nerabe eta gazteen kasuan euskarazko lekukotasunei emango zaiela lehentasuna EITBren hedabideetan. «Berdin jokatuko da euskaraz jario erraza eta gaztelaniaz komunikazio ahalmen murritza dutenen kasuan», dio agiriak. Bigarren puntuaren arabera, euskara nagusi den herrien kasuetan, «herriko bizitza ukitzen den gaietan», euskarazko lekukotasunei emango zaie lehentasuna.
Prentsaurrekoei dagokienez, «interes informatiboaren arabera» erabiliko du materiala kazetariak. Protagonista eta adituen lekukotasunak bilatzeko orduan, kazetariak aintzat hartu behar du politikari, artista, kirolari eta pertsona ezagunak hedabideetan euskaraz hitz egiten ateratzeak hizkuntzari «prestigioa» eman diezaiokeela.
Baztertu beharreko jokabideak ere ezartzen ditu agiriak: ETB1en eta Euskadi irratian, «errealitatea euskaraz kontatzea» da eginkizuna; «gaztelaniari ezin dakioke bidea libre utzi». Gaztelaniazko kanaletan, ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian, ez dute euskara kuotarik ezarriko. Euskarari tokia egiteko saialdietan, «proba-errakuntza» sistema gidari ontzat du EITBk, honako lau irizpide hauekin: «Orain arteko ikus-entzuleak ez uxatzea, euskarari prestigioa ematea, euskal gizartearen hizkuntza errealitatea ikusgai egitea eta interes informatiboari iruzur ez egitea».
Argibideak idatzita, eta kazetariek jasoak. Beste kontu bat da ezarritakoa beti betetzen den. EITBko Euskara Zerbitzuko buruak esan du agirian taldearen filosofia jasotzen dela. «Horrek ez du esan nahi kazetariak beti Nola nahi duzu, euskaraz, gaztelaniaz, edo bietara? galdera egiten joan behar duenik. Baina kazetariak elkarrizketatuari askatasuna utzi behar dio nahi duen hizkuntzan egiteko». EITBko kazetariek agiria «ondo» hartu dute.
Larrinagaren arabera, ikusleak konturatu dira orain Teleberri-n euskarak baduela beste presentzia bat. «Gainera, inor ez da kexatu ETB2n euskara gehiegi sartu dugulako edo ulertu ez delako. Alde horretatik, pozik gaude».
'Teleberri'-n euskara ikusgarri egiteko bidean
EITBko zuzendaritzak erredakzio kontseiluaren ekarpenak bildu ditu, eta adierazpenen hizkuntza tratamendurako agiri eta bideo bat zabaldu dizkie kazetariei. Elkarrizketatuari hizkuntz askatasuna aitortzen zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu