Komunikazioa

Telebista bat, G-puntuarentzat

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ikus-entzunezkoak zabaltzen ari da Internet bidez

Edu Lartzanguren.
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ez da kanal erotikoa izango, izenak baten bat engaina badezake ere. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak G-puntua Telebista abiatu du. Interneten bidez, bertsogintzarekin loturiko ikus-entzunezkoak hasi dira zabaltzen, www.gpuntua.com webgunean.

Mota askotako lanak dira, egunotan jokatzen ari den txapelketarekin edo horren inguruan dabiltzanekin lotutakoak, zein iraganari buruzkoak.

Ikus-entzunekoak sortzeko taldea komunikazio eta bertsolaritzako munduko jendearekin osatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Itziar Irizar kamerari dabil, eta Ihintza Irizar, erredaktore. Aitzol Barandiaran bertsolaria lanean ari da, Oier Aranzabal kazetari eta bertsolariarekin batera, eta Igotz Alkorta irrati-esataria aurkezle lanetan.

Hainbat atal

G-puntua Telebistak hainbat atal izango ditu, txapelketaren eta, oro har, bertsogintzaren hainbat aurpegi erretratatzeko.

Bertsoaldi onenak atala, esaterako, astero emango dute, eta, horretan, txapelketak aste horretan eman dituen bertsorik aipagarrienak erakutsiko ditu.

Gipuzkoako bertso eskolen mugimendua zertan den azalduko dute G-Sarea atalaren bidez. Eskola bakoitzeko arduradunak, irakasleak eta ikasleak ezagutzeko aukera emango dute. Dagoeneko Irungo eskolako Aitor Errazkinekin eginiko saioa ikusgai dago, baita Lasarte-Oriako Joxe Kruz Labakarekin osaturikoa ere.

Txapelketaren inguruan mugitzen den kultur giroa jaso nahi dute G-Erreportajeak atalean. Bertsolarien, laguntzaileen, musikarien eta bestelakoen ahotsa eta aurpegia pantailaratuko dute, erreportaje eta elkarrizketen bitartez. Asier Altuna zinegileak, esaterako, Bertsolari dokumentala eta berak bertsolaritza nola bizi duen azaltzen ditu, dagoeneko sareratuta duten elkarrizketan. Ondoren etorriko dira Gari abeslaria eta Arkaitz Miner konpositorea, besteak beste. Bertsolaritzaren inguruko iragana ekarriko dute gogora G-Historia atalean. Dokumentazio lan handia eskatzen du tarteak. Izan ere, 1967. urtetik eginiko Gipuzkoako txapelketak zertan izan ziren azalduko dute, garaiko argazki, soinu, film eta bideoekin. 1967ko txapelketaren berri Txomin Garmendia orduko irabazleak eman die. Frankismoaren gordinean, Euskaltzaindiak antolatzen zituen txapelketak, eta bertsolari guztiak, noski, gizonezkoak ziren. Hainbat tokitan, gai-jartzaileak erdaraz aritu behar izaten zutela kontatzen du Garmendiak.

Horrez gain, beste ataletan sartzerik ez dauden bideoak Eduki bereziak tartean jarriko dituzte, bideoklipak eta sustapen lanak tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.