Santakrutzak Andoainen

Tokia tokikoari jaietan

'Aiurri' egunkariko langileek irakurri dute santakrutzetako pregoia. Kazetak 25 urte egingo ditu aurten. Langileek eskertu egin dute emandako aukera

Jon Ander Ubeda Aiurri egunkariaren zuzendaria, egoitzaren parean. JON URBE / FOKU.
Andoain
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hamaika aldiz egon dira Aiurri egunkariko langileak Andoaingo (Gipuzkoa) Santa Krutz jaietako hasierako ekitaldian, argazkiak ateratzen edota bideoak grabatzen. Aurten, ordea, eurei zuzendu zaizkie kameren objektiboak: jai batzordeak pregoilari izendatu ditu Aiurri-ko kideak, egunkariaren 25. urteurrenean, eta atzo irakurri zuten jaiei hasiera ematen dien pregoia, 19:30ean, Zubiaurren. Maiatzaren 5era arte iraungo dute jaiek.

Jon Ander Ubeda egunkariko zuzendariak azaldu duenez, Aiurri egunkariko lankideak «harrituta» gelditu ziren jai batzordeak helarazi zienean pregoilari izango zirela. Lehen ekitaldi horretan egotera «ohituta» daudela dio Ubedak, kazetari diren heinean, baina aurtengoa ez zuten espero: «Ezusteko moduko bat izan zen». Zuzendariak azpimarratu du eskertuta daudela jai batzordeak eman dien aukera horrekin.

Aiurri Aiztondo eta Buruntzaldea eskualdetako egunkaria da, eta astekariak eta hamaboskariak banatzen ditu gune horietako herrietan. Ubedak hiru etapa nagusi zehaztu ditu egunkariaren ibilbideari dagokionez: «Lehenengoa 1994an kokatzen da. Garai hartan, Euskal Herriko euskara elkarte guztietan ikusi genuen erdarazko prentsa zela nagusi, eta euskarazkoak oso pisu gutxi zuela. Giro horretan sortu genuen hamaboskaria». Ondorengo urratsa 2004an eman zuten: «Andoainen eta Urnietan, hau da, Buruntzaldea eskualdean, astekari bat egiteko egitasmoa aurrera atera zen, eta zeregin hori gure gain hartu genuen». Adierazi du orduan sortu zela bigarren egitasmo «indartsua», eta horren ondorioz hazi zela egunkariaren Interneteko katea: «Horrek ekarri zuen aiurri.eus webgunearen dinamika areagotzea, eta gaur egun hedabide talde bat garela esan genezake».

Hasieran ekoizten zuten hamaboskariak aldatu egin zuen egunkariaren edukia lantzeko modua: «Astekariak eraman gintuen informazioa beste modu batean lantzera: kultura, agenda, politika... Halako gaietan trebatu ginen». Teknologiaren munduan murgildu direla dio Ubedak, eta hedabideen funtzioa zein den nabarmendu du: «Aiurrik eta gainontzeko tokiko hedabideek funtzio publiko eta funtzio sozial oso garrantzitsua betetzen dute, eta hedabideen funtzioa serio gisa dago kontsideratuta gizartean. Are gehiago, euskarazko hedabideak garrantzi handikoak dira tokian tokiko gizartean eta komunitatean».

Erdaldunak kontsumitzaile

Egunkariaren kontsumitzaileei dagokienez, Ubedak azaldu du euskaldunez gain euskaraz ez dakitenek ere kontsumitzen dutela Aiurri: «Erdaraz bizi den jende askok tokian tokiko edukiak kontsumitzen dituzte: bideoak ikusten dituzte, argazkiak... Gertaera gehienen gainean gaudenez, Aiurri erreferentziazko hedabide bat da, euskaldunentzat eta euskaldunak ez direnentzat ere». Lorpen hori «konpromiso handiko» talde baten lanaren emaitza dela nabarmendu du zuzendariak, «kalitatezko informazioa» ematen saiatzen direlako. Hori dela eta, gehitu du kontsumitzaileen arteko aniztasun horrek onura egiten diola euskalgintzari: «Euskarazko komunikabide bat erreferentziazkoa izatea beharrezkoa da, ez soilik euskaldunentzat, baizik eta baita erdaldunentzat ere: euskalgintzaren ikuspegitik lorpen handia da».

Datozen urteei begira, Ubedak adierazi du orain arteko dinamika berdinarekin jarraituko dutela lanean Aiurri egunkarian: «Gaur egun egiten ari garen lan ildo hori garrantzitsua da. Ondo legoke kalitatean sakontzea, bai edukiak lantzeko moduan, baita ikus entzunezko alorrean ere». Azken alor horretan «murgilduak» daudela dio, baina akaso hobekuntzak egin beharko lituzketela. Dena den, adierazi du eskualdeetako herritarren beharrak asetzen jarraituko dutela: «Tokian tokiko informazioa ematen ahalegintzen gara, eta hori egiten jarraitu nahiko genuke denborarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.