Tokikomek bere bazkideak saritu ditu, egindako bidea ospatzeko

Datozen egunetan '10 urte, hamaika ahots' ikus-entzunezko erreportajea estreinatuko dute

Tokikomeko bazkide guztiek sari bana jaso zuten atzo, Oñatin. TOKIKOM.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Tokikomek, tokiko komunikabideak bateratzeko guneak, bere sariak banatu zituen atzo Oñatiko Arantzazulaben (Gipuzkoa), eta, aurreko aldietan ez bezala, komunikazio proiektu osoak aukeratu zituzten urteroko sarietarako, kazetaritza lan jakinen ordez. Baina hori ez zen izan eguneko ezusteko bakarra: parte hartzaile guztiak ezustean harrapatuta, Tokikomek bere bazkide guztiak saritu zituen, «elkarrekin egindako bidea ospatzeko eta aldarrikatzeko».

Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendari Joxe Rojasek zera adierazi zuen: «Perspektiban jarrita, espero genuen baino askoz ere gehiago aurreratu dugu Tokikom martxan jarri zenetik. Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahaleginari eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko».

Sariak banatzeaz gain, atzoko ekitaldian errepaso bizkorra eman zioten Tokikomen historiari, 10 urte, hamaika ahots ikus-entzunezko lanaren bidez. Erreportaje labur hori hurrengo egunetan egongo da ikusgai Tokikomeko hedabideen webgune guztietan.

Bazkideak eurak protagonista izan ziren mahai inguruetan; Tokikomek talde gisa hurrengo urteetarako dituen erronkak izan zituzten mintzagai. «Handienetako bat Tokikomen beraren izaera eraldatzea da», adierazi zuen Alaitz Artolazabal zuzendari nagusiak. «Gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu Tokikom komunikabide talde izatetik komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehaztuz joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka».

Finantzaketa bideak

Bigarren erronka handia taldearen eta osatzen duten komunikabideen finantzaketan datza. Tokikomeko presidente Iban Arantzabalek bi ildo nagusi nabarmendu zituen: «Batetik, munduko beste komunikabide guztiek bezala, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua handitzeko: kidetza formula berriak sortu, produktu berriak eskaini, harreman estuagoa garatu tokian tokiko merkatariekin...». Eta, bestetik, diru laguntza publikoen gaian ere sakondu behar dela iradoki zuen: «Erakundeekin azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostera jo beharko genuke, betiko laguntza lehiakorren eskematik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortu, oraingo laguntzen ziurgabetasuna amaitzeko».

Oñatikoa ez da izango Tokikomek hamargarren urteurrena dela-eta egiten duen ekitaldi bakarra: datorren astean, Tokikomeko dozena bat lagunek osatutako talde bat Bartzelonara joango da, ACPC-Associacio Catalana de Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko antolatutako topaketetara. Gainera, 2023an jardunaldi publikoak antolatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.