Ikus-entzunezkoak

Jaume Domenech: «Tortura ezin da existitu estatuaren konplizitaterik gabe»

TV3ek torturaren inguruko dokumental bat estreinatu zuen atzo: ‘Laietana, 43. El cau de la bestia’. 3Cat plataforman ikus daiteke.

Jaume Domenech zinemagile kataluniarra.
Jaume Domenech dokumental egilea. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 10a
15:25
Entzun

2021ean Gustau, la transición al descubierto dokumentala estreinatu zuen Jaume Domenech zinemagileak (Bartzelona, 1965). Balandra Films ekoiztetxearen arduraduna da. Laietana, 43. El cau de la bestia dokumentalak %17,1eko ikusle kuota lortu zuen atzo TV3en (333.000 ikus-entzule).

Torturak sufritu dituzten herritar askoren lekukotzak ageri dira Laietana, 43. El cau de la bestia dokumentalean. Nola iritsi zara haiengana?

2021eko ekainetik, bi astean behin, ekitaldi bat egiten dute eskatzeko Via Laietanako eraikina [Bartzelona] errepresioaren eta torturaren aurkako gune bilaka dadila. Duintasunaren Batzordeak antolatzen du. Torturatuek lekukotzak ematen dituzte ekitaldi horietan. Gure aurreko lana Gustau Muñozi buruzkoa izan zen —Diada egun batean hil zuten, 16 urte zituela—. Hiltzaileak Brigada Politiko-Sozialeko poliziak zirela deskubritu genuen; kontua da polizia horiek jarraitu egin zutela frankismo ondoren ere, beste izen batekin. Guk egindako ikerketak erabiltzeko baimena eskatu zidaten Duintasunaren Batzordekoek, ekitaldi horretan torturatuen izenak esaten baitituzte.

Eta elkarlanean hasi zineten.

Bai, aurreko lanean ikertu nuenetik urrunago joan nahi nuelako. Aukera eman zidaten torturak jasan dituen jende askorekin harremanetan jartzeko, eta elkarrizketatu egin genituen.

Kataluniako gizartean adostasuna dago Via Laietanan torturatu egiten zela frankismo garaian.

Bai, hala da. Baina jende gutxik daki frankismoaren ostean torturek jarraitu egin zutela han. Kontua da 1977ko [Espainiako] Amnistia Legearen ondoren odolez zikinduak zeuden poliziek bere horretan jarraitu zutela; haietako batzuek hilketak egin zituzten. Polizia horiek lanean jarraitu zuten demokrazian. Eta polizia lanetan hasten ziren gazteek helduagoen praktikei eutsi zieten. Frankismoko poliziek trebatu egiten zituzten polizia gazteak, torturak egiteko. Hori guztia gaur egun arte iritsi da. Dokumentaleko azken lekukotza 2006an torturatu zuten batena da.

Dokumentalean, gaztetxoak ageri dira torturatuen lekukotzak irakurtzen. Memoriaren transmisio lan hori garrantzitsua da, ezta?

Proiektuaren hastapenean, Teatro por la Republica taldearekin aritu nintzen hizketan. Haiek parte hartzeko prest zeuden. Baina jabetu nintzen hilda daudenen lekukotzak 60 urtetik gorakoek irakurtzen bazituzten ez zela transmisiorik izango. Kontuan hartu behar da torturatu gehienak gazteak zirela atxilotu zituztenean, eta gazteak bilatu nituen lekukotzak irakur zitzaten. Ez nituen aktore profesionalak nahi. Lekukotzekin hunkituko zen jende gaztea baizik. Animatu ziren, eta ikusi zuten atxiloaldiak nolakoak ziren. Lekukotzarekin enpatia izan zezaten nahi genuen.

Intxaurrondoko kuartela aipatzen da dokumentalean. Via Laietana eta Intxaurrondo alderatu daitezke tortura toki gisa?

Via Laietanan, jendea torturatu egiten zen, eta, gero, torturatuak etxera joaten ziren lotara normalean. Intxaurrondon, berriz, zalantza izaten zen behin sartuta jendea aterako ote zen ala ez. Baina torturaren dimentsioa handia da: Via Laietanan polizia guztiek parte hartzen zuten torturetan, eta komisariako guztiek bazekiten zertan ari diren. Intxaurrondo 1980ko hamarkadan agertu zen; hau da, polizia frankistek Guardia Zibilari eman zioten lekukoa. Dokumentalean ematen dugun mezua zera da, tortura ez dela soilik torturatzaileen kontua, baizik eta estatu auzi bat dela. Tortura ezin da existitu estatuaren konplizitaterik gabe.

Dokumentalean, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa aipatzen da, torturak ez ikertzeagatik zigortu egin baitzuten epaile zenean.

Ikusi besterik ez dago demokrazia dagoenetik zenbat zigor egon diren torturengatik. Torturengatik zigortu zituzten horiei indultua eman zieten handik hilabete gutxira. Torturatzaile horietako batzuk eroso bizi dira dominekin eta diru sariekin. Grande-Marlaska aipatzen denean, hori bera adierazi nahi da: Espainiak ez ditu ikertzen torturak. Poliziek badakite ukiezinak direla torturatzen dutenean.

Zer bide egingo du orain dokumentalak?

3Cat edonon ikus daiteke. Baina lana nazioartean ikustea nahiko genuke, eta jaialdietan erakutsiko dugu. ETBk ematea ere ondo legoke; izan ere, Xabier Makazaga da elkarrizketatuetako bat. Ion Arretxeren tortura lekukotza ere entzuten da. Kataluniako eta Euskal Herriko mendekotasun istorioak hor daude. Torturatzaileen inpunitatea bi herrialdeetan izan da.

'apaiz kartzela' 149.000 lagunek ikusi dute tv3-en

Torturaren inguruko dokumentalaren ostean, TV3eko Sense ficció saioaren barnean, Apaiz kartzela euskarazko dokumentala eman zuten atzo gauean. Telebistan katalanezko kateak estreinatu ditu, ETBren aurretik, nahiz eta azken horrek emititzeko eskubideak dituen. Ikusle askoren arreta bereganatu zuen lanak: %12ko ikusle kuota lortu zuen Katalunian (149.000 ikus-entzule). Bestalde, EH Bildu koalizioak Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari eskatu dio argitzeko zer asmo dauden dokumental horren inguruan. «Ez da lehen aldia memoria historikoarekin lotutako lan bat TV3en ETBn baino lehenago ematen dutena. Aldekoak azaldu behar du ea uste duen Apaiz kartzela dokumentalak ere polarizazio politikoa eragiten duen», adierazi du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.