Komunikazioa

'Transición y democracia en Euskadi' dokumental saioa gaurtik ETB2n

Iñaki Gabilondok aurkeztuko du saioa; 60ko hamarkadan hasi, eta Estatutua onartu zen arte iritsiko da

Bilbon aurkeztu dute dokumental saio berria, eta ekitaldian Iñaki Gabilondo aurkezleak parte hartu du. ETB.
Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Franco hil aurretik eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoan izandako gertaera historiko garrantzitsuenak bildu dituzte Transición y democracia en Euskadi dokumental saioan. ETB2 kateak gaurtik aurrera emango du programa, 22:20ean. 60ko hamarkadan hasiko du kontakizuna Iñaki Gabilondo kazetariak aurkeztutako saioak, eta Autonomia Estatutua onartu zen arte eta Carlos Garaikoetxea buru zuen Eusko Jaurlaritzaren osatu zen arte helduko da.

Juan Pablo Fusi Historia Garaikideko katedraduna ibili da dokumentaletan ardura eta lotura lanetan. ETBko artxiboetatik eta beste zenbait lekutatik bildu dituzte irudiak. Halaber, «leinu hirukoitza» teknologia erabili du dokumental sailak. Tecnaliak garatutako sistema berritzaile horri esker, ETBko ikus-entzuleak saioan sartu ahal izango dira, eta parte ere hartu ahal izango dute.

Expressive ekoizpen etxeak egin du 13 ataletako saioa ETBrentzat, Icaria Multimediarekin elkarlanean. Zuzendariak Jose Miguel Azpiroz eta Antonio Cristobal dira.

Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak honako hau adierazi du programaren aurkezpenean: «Dokumental hauetan historiako aldi jakin batean jarri dugu arreta, transizio aldian, frankismotik Gernikako Estatutura doan garaia argitzeko helburuarekin». Surioren arabera, «oso garai nahasia» izan zen transizioa deiturikoa: «Asaldura handikoa, aldaketa arinekoa. Gure gizartean tentsio oso handiak bizi izan ziren, eta kontraesan handiak ere bai. Hala izan ohi da sistema bat amaitu eta beste bat hasten denean». EITBko zuzendari nagusiak azaldu duenez, garai horretan «ETAren presioa izan genuen alde batetik, eta kultur eta gizarte ekintza ugari beste alde batetik». «Hori dena kontuan izan gabe ezin da ulertu gaur egungo Euskadi».

60ko etas 70eko hamarkadak aztertuko dituzte dokumental sailean. Hazkunde ekonomikoa izan zen urte haietan, baina garapenak gorabehera asko ere izan zituen: immigrazioa, hiriburuetara bizitzera joan zen jendearen masifikazioa, industriaren lehen arazoak eta ETAren sorrera. Diktadura ahitzen ari zen. Eta atzerrian frankismo garaian bizirik zegoen erakunde errepublikar bakarra geratu zen: Eusko Jaurlaritza erbestean.

Burgosko prozesuari arretaz kontu egingo dio dokumental saioak. Baita Francoren heriotzari, eta urte haietan agertu ziren alderdi, sindikatu eta beste hainbat elkarteri ere. Besteak beste, Espainiako Konstituzioaren onarpena, EAEko Autonomia Estatutuarena, Espainiako Kongresurako eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak agertuko dira. Ramon Rubial buru zuen Kontseilu Nagusian «behin eta berriz gaitzetsi zuen errepresio parapolizialaz» ere arituko dira datozen ostegunetan. ETBk lan honekin «gure historia hurbilari begiratua» eman nahi dio, «gertu-gertutik».

Saio parte-hartzailea

Saioaren lehen hamar ataletarako leiho edo pantaila hirukoitzaren sistema garatu du Tecnalia ikerkuntza aplikatuaren zentroak. Helburua da ikus-entzuleek gehiago parte hartzea eta interaktibitatea bultzatzea, hiru pantailen bidez: telebista portatila, tableta eta smartphone-aren bidez, dokumentala ematen den bitartean. Leiho hirukoitzaren sistemarekin, dokumentala ematen ari direnean, eduki osagarriak jasotzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Beste leihotxo batzuen bidez, argazkiak eta testuak bidaliz parte hartu ahal izango dute. Herritarren partaidetza bultzatu nahi du ETBk sistema berri horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.