TVEko albistegiek azken hilabetean emandako hiru albistek zeresana sortu dute. Batetik, Espainiako Kongresuakonartutako Kosta Legearen inguruan emandako berria kritikatu du oposizioak, haien ikuspuntuaez zela agertzen leporatuta. Bestetik, TVEk egindako beste bi erreportajek jaso dituzte kritikak. Bat nerabeen janzkera «probokatzaileari» buruzkoa zen. Besteak, berriz, langabezia eta errezoak lotzen zituen. Sortutako polemikaren harira, Leopoldo Gonzalez Echenique RTVEko presidenteak azalpenak eman behar izan ditu Kongresuan : «Gure helburua ez da ikus-entzuleak doktrinatzea, ezta moralitate klaseak ematea ere». TVEko kazetariak biltzen dituen Albistegietako Kontseiluak albisteak lantzeko era kritikatu du.
Espainiako Kongresuak maiatzaren 9an onartu zuen Kosta Lege berria, PPren aldeko botoekin. Egun horretako TVEko eguerdiko albistegian legearen nondik norakoak azaldu zituzten, Espainiako hiru tokitan izango zuen eragina azalduz. Erreportajean, ordea, ez zuten oposizioaren iritzirik erakutsi. Ana Blanco aurkezleak bideoaren aurreko sarreran azaldu behar izan zuen PSOE eta Izquierda Plural taldea lege berriaren aurka zeudela. Ekologista taldeek ez zuten lekurik izan. Are gehiago, Kongresuan egindako protestan Greenpeace taldeko zortzi ekintzaile atxilotu zituztela beste albiste batean jakinarazi zuten. Gaueko saioan ere antzeko informazioa eman zuten. TVEko Albistegietako Kontseiluaren arabera, albistegiek «informazio alderdikoia» eskaini zuten egun hartan: «Albistean ez zituzten bildu gai polemiko batek eskatzen dituen adina iritzi desberdin». Hileroko txostenean azaldu dutenez, albistegietako arduradunekin hitz egin dute, eta haiek ere onartzen dute gaiaren tratamendua ez zela «egokia» izan.
Langabeak eta errezoak
«Psikologoen arabera, aldare batera gerturatzeak langabeen eta lana galtzeko beldurrez daudenen ezinegona murritz dezake». Maiatzaren 7an horrela aurkeztutako albisteak ere zeresana sortu du. Otoitzera joandako herritarrak erakutsi zituzten bideoan; psikologo batekin hitz egin zuten errezatzeak egin dezakeen mesedeaz, eta kandela denda bateko saltzailearekin ere bai, kandelen salmentaren gorakadaz. Gonzalez Echeniquek defendatu egin zuen erreportajea: «Errezatzea ez zuen TVEk gomendatu, psikologo batek baizik». RTVEko presidentearen esanetan, gisa horretako albisteekin eguneroko berriak landu nahi izaten dituzte.
Multzo berean kokatu zuen maiatzaren 14an emandako albiste bat ere. Gaztetxoen janzkeraren inguruan gurasoentzako antolatutako tailer bat aurkeztu zuten bertan. Guraso batek bere bi alaben janzkera dela-eta dituen kezkak azaltzen zituen bideoan, eta psikologo eta pedagogo batek gomendioak ematen zituzten gero. Kazetariak honela amaitu zuen erreportajea: «Zaila bada ere, ez dira nahastu behar arropa eta sexualitatea». Echeniqueren ustez, bideo horretan ez zuten erabili «irizpide kontserbadorerik»: «Minigona probokatzailea dela ama batek esan zuen, ezTVEk». Dora la exploradora marrazki bizidunak aipatu zituen RTVEko presidenteak, haren telebistan berdintasuna bultzatzen dela argudiatzeko.
Presidentea normaltasunari eusten saiatu arren, TVEko lantaldean ezinegona eragin dute bi albiste horiek. Interes orokorreko informazio tartean «garrantzirik gabeko albiste» gutxiago emateko eskatu du Albistegietako Kontseiluak: «Gai hutsalak gainetik landuz gero, ikus-entzuleak mindu daitezke».
Komunikazioa
TVEko albistegiak, albiste
TVEko albistegietako hiru albisteren harira polemika sortu da azken hilean; RTVEko Albistegietako Kontseiluak adierazi du albiste horiek ez zirela behar bezala landu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu