Komunikazioa

Twitterrek iragarri du prest dagoela bere menua euskaraz jartzeko

Euskarara ez ezik, katalanera, ukrainerara, grezierara, txekierara eta afrikaansera ere itzultzen utziko dute

Lander Arbelaitz Twitter euskaraz lortzeko kanpainaren sortzailea eta Joseba Kamio sustatzailea. JON URBE/ARP-BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Twitter sare sozialak iragarri du prest dagoela bere plataforma euskaratzeko eta gero bere sisteman txertatzeko. Menuko hitzak eta esaldiak itzultzeko gune bat ireki zuen herenegun gauean, eta, egun eskas batean, erabiltzaileek %80 itzultzea lortu dute. «Ez zait gaizki iruditzen guk debalde egitea», dio Joseba Kamiok, Maite zaitugu, maita gaitzazu zuk ere Twitter euskaraz lortzeko kanpainaren sustatzaile eta marketinean adituak. «Izan ere, Facebook ere horrela euskaratu zen». Twitterrek bere blogean iragarri du itzulpena amaitzean txertatuko duela; beraz, egun batetik bestera erabili ahalko da euskaraz.

Lander Arbelaitz Argia.com-eko arduradunak jarri zuen martxan Twitter euskaraz lortzeko lehen kanpaina, iazko otsailean. Gero, Kamiok biziberritu zuen aldarrikapena, #basquetwitter eta #twittereuskaraz etiketekin. Albistea irakurri duenetik, Arbelaitzek ezin du irribarrea ahotik kendu: «Oso pozgarria da ikustea munduko halako enpresa batek men-edo egin diola euskaldunon aldarrikapen bati». Edozein tresna edo menu euskaraz izatea baino garrantzitsuagoa da erabiltzaileak euskaraz aritzea, Arbelaitzen arabera. «Baina, hori esanda, Twitterren moduko enpresa bati aldarrikapen batekin kanpaina bat egitea eta urte eta erdian horrek bere tresna euskarari irekitzea oso inspiragarria eta ilusionagarria da».

Kamio ere pozik dago lortutakoarekin: «Jendeak egindako lanak eman du fruitua». Haren ustez, Twitter euskaraz egotea garrantzitsua da. «Interakzioa euskaraz egiten baduzu, horrela tresna zuragoa da». Argia-ko kazetariarentzat, berriz, gazte-gaztetatik halako tresnak euskaraz izateak eragina du bakoitzak hizkuntza bati buruz duen pertzepzioan. Orain beste pauso bat eman behar dela iruditzen zaio: «Indarra egin behar genuke jada itzulita dauzkagun tresnak erabil ditzaten euskaldun osoek, baita ulertu behintzat egiten dutenek. Euskaraz bizi garenon zirkulua handitu behar dugu».

Euskarara ez ezik, zerbitzuakatalanera, ukaranierara, grezierara, txekierara eta afrikaansera ere itzultzen utziko du Twitterrek. Gaur egun, munduko 28 hizkuntzatara dago itzulita menua.

Euskal tuitlariak, gorantz

Gero eta internauta gehiago aritzen dira Twitterren euskaraz. Codesyntax enpresak sortutako Umap.eu tresna da horren erakusgarri. Twitterreko euskarazko jarioa filtratzen du Umapek, eta 2010eko azaroan, sortu zenean, 1.100 tuitlari euskaldun zeuden. Iazko abenduan, berriz, 5.000 tuitlari euskaldunen kopurura iritsi zen. «Eta, hor, tresnaren muga teknikoa heldu zen. Hortik gora ez dago zenbatzerik. Baina, nire ustez, egun 12.000-15.000 twitterlari euskaldun daude», azaldu du Luistxo Fernandez Umapen sortzaileak. EITBk esan du 7.000tik gora tuitlari euskaldun daudela. Twitterrek bere interfazea euskaratzeko aukera zabaldu duelako pozten dela dio Fernandezek eibar.org/blogak/luistxo blogean, eta ez dio eragozpen handirik ikusten itzulpena euskaldunok egiteari. «Baina aspaldi esan nuen: menuak baino gehiago, jana da garrantzitsua». Mila euskal intelektual Twitterrera kanpaina berezian murgilduta dabil Fernandez azkenaldian, eta orain deia egin du kanpaina banan-banan egiteko. «Neure ustez, menuak itzultzea baino egiteko funtsezkoagoa da hau: lortu Twitterrera ekartzea esateko zerbait daukan euskaldun bat. Gutariko bakoitzak ezagutzen du Twitterren guk baino gauza garrantzitsuagorik esango lukeen pertsonarik. Konbentzi ditzagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.