Udaren etorrerarekin batera, Hamaika telebistak programazioa berritu, eta lau saio estreinatu ditu. Astelehenetik ostegunera, etauztaila bitartean, lau saio «freskagarri» horiek udako kontuak jorratuko dituzte: aisialdia, moda, proposamenak, bidaiak, festak... Ordu erdi inguru irauten dute saioek, eta gaiari lotutako hiruna erreportaje biltzen dituzte. Ostiraletan asteko saio horien bilduma emango dute. Gurean Gaur albistegiaren ostean hasiko dira, 21:30ean.
Udakoak saioa astelehenean emango dute. Udako joerekin harreman estua du. Izan ere, uda sasoian elikadura eta janzkerari arreta berezia eskaini ohi zaio. «Zer jantzi, zer jan, osasuna nola zaindu... udako joerak bilduko ditugu», azaldu du Hamaika telebistako Inaxio Esnaolak. Horretarako, dietista batekin hitz egin dute, eta hilabeteotan elikadura zaintzeko aholkuak emango dituzte. «Udan izango diren modako joerak, zer musika entzungo den, edo zerekin gozatuko dugun azalduko dugu». Udari begirako aholku estetikoak emango ditu saioak. «Uda opor garaia izaten da, eta askotan arduragabetu egiten gara».
Egukzi bila joango dira asteartean. Kaleko kezka nagusiari erantzungo dio saioak: aisiarekin eta oporrekin harremana duten proposamenei. «Opor proposamenak egingo ditugu, txango bat edo bidaia bat egiteko zer aukera ditugun ikusiko dugu». Euskal Herrian egin daitezkeen txangoen zein nazioarterako bidaien berri emango dute. Esaterako, Donostiako Santa Klara irla bisitatu dute asteon. Kanpora begirako erreportajeak ere prestatu dituzte: «Interraila egin duten lau pertsonarekin izan ginen, eta horren inguruko erreportaje bat emango dugu». Sasoi honetan hondartzen inguruan sortutako kezkari ere helduko diote. «Marmokak direla eta ez direla, Marmoka Project egitasmoa ezagutu dugu». Azti-Tecnaliak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean abiarazitako proiektua da, marmoken etorrerari buruz garaiz ohartarazteko. «Opor, eguzki etajai desioarekin zerikusia du saioak».
Oporretara ihes egiterik ezin duenak, asteazkenekoa aproposagoa egingo zaio. Bada planik-en kultur proposamenak landuko dituzte. «Euskal Herrian kultur proposamen berriak daude udan; atsedenik ez dago», dio Esnaolak. Uda kutsuko ekitaldi asko eta asko antolatzen dituzte egunotan. «Jazz denboraldia dator. Getxorekin hasi, eta Gasteizko eta Donostiako jazzaldiekin jarraitzen du denboraldiak». Udan sortzen diren ekitaldiei begiratua egingo diote. «Etxean geratu ordez, bada plan ugari kalera irten eta hemen ere gozatzeko».
Asteburua gerturatu ahala, udako jaietako leihoa irekiko dute: ostegunetan 9 terdietan plazan saioa emango dute. Euskal Herriko jai esanguratsuenetan izango dira Hamaikako kazetariak, eta umore kutsuarekin hango giroaren lekukoa emango dute. «Hernaniko eta Lasarteko festen bilduma egin genuen aurreko ostegunean». Hurrengoan, Lesakako, Iruñeko eta Pasaiako sanferminei buruzko erreportajeak egingo dituzte. «Saio alaiena da 9 terdietan plazan. Besteak informatiboagoak dira. Aurrera begira baino gehiago, gure festak nolakoak izan diren ikusteko aukera emango dugu».
Parrandaz harago bada jairik
Festek parranda badute ere osagarri nagusia, beste elementuei ere garrantzia emango diete. «Festetan ondare bat badago ere, urtez urte mantendu dena; Hernanin azeri dantza, Lasarten sorgin dantza...». Hurrengo ostegunean Lesakako zubi dantzari ere tartea eskainiko diote. «Kultur izaera izango du saioak».
Komunikazioa
Udako programazioa hasi dute Hamaika TBn, lau saio berrirekin
Udako joerei, kultur proposamenei, festei eta bidaiei buruzko lau saio estreinatu berri dituzte Hamaikan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu