Uhinetan heavy metala, ura ibaian bezala

'Burdinola' irratsaioak hamargarren denboraldia hasi du Info7n; aurretik, beste sei urte egin zituen Ttan Ttakunen. Inaxio Esnaola programako esatariak esan du balantzea «aberasgarria» dela.

Inaxio Esnaola kazetariak aurkezten du Burdinola musika saioa. BERRIA.
urtzi urkizu
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Euskaldun bat, New Yorken. Lantokira bidean doa, metroan, kaskoak jarrita. Ez da ari hango irratia entzuten, ezta pop komertziala ere. Burdinola euskarazko heavy metal irratsaioaren podcast-a entzuten ari da. Inaxio Esnaola kazetariak—Irutxuloko Hitza-n ari da egun lanean— bere etxean egindako programa New Yorkeko metroan nola entzuten zuen kontatu zion gazte batek esatariari. «Oso pozgarria izan zen horren berri izatea», esan du Esnaolak. Kazetariak programarekin hamasei urtean izandako poztasun horietako bat da, baina ez bakarra. 2001ean hasi zen Donostiako Ttan Ttakun irratia Burdinola ematen. Info7 irratian, berriz, hamargarren denboraldia hasi berri du. Astelehenero 23:00etatik gauerdira entzun daiteke.

Jon Agirrek jarri zuen martxan irratsaioa Ttan Ttakunen, Esnaola berehala hasi zen kolaboratzen, eta 2002. urtean, erreleboa hartu zuen. «Hamasei urte hauen balantzea aberasgarria izan da, irratigintzari eta heavy metalaren zaletasunari dagokionez». Aitortu du bide horretan gorabeherak izan direla: «Garai apalak izan ditu, oso biziak eta erdibidekoak. Gaur egun, saioa oso gogotsu egiten nabil, heavy metalak uhinetan lekua merezi duelako, eta dibulgatzea atsegin dudalako».

Oso gutxi dira heavy metalari buruzko euskarazko saioak uhinetan. Antxeta Irratian Metal garrasia ematen dute, Ttan Ttakunen Metal eztanda eta Info7n Burdinola bera. Irrati publikoetan, aldiz, eskaintza bereziturik ez dago. «Duela hiru urte inguru, Gazteako Di-da saioan Koldo Intxausti apaiz metalzaleak kolaborazio txiki bat egiten zuen, eta friki bat bezala tratatzen zuten». Radio Euskadin hamabostean behin heavy metala entzuten da iFlandia saioan; Dani Alvarez kazetariak albisteak eta berrikuntzak eskaini ohi ditu, 15 minutuz.

Esnaolak nabarmendu du metal musika irrati uhinen bidez 1980ko hamarkadan hasi zela hedatzen AEBetan eta Europako hainbat herrialdetan. «Gurean ere oihartzuna izan zuen, baina joera erdalduna izan zen. Su ta Gar taldeak euskararen mundura eraman zuen heavy metala, eta horrek ate batzuk ireki zituen». Egin Irratiak ematen zuen Metal Ekaitza saioa oroitu du Esnaolak. Euskadi Gaztean ere rock gogorrari buruzko irratsaio bat egin zuten aspaldi, baina ez zen oso iraunkorra izan.

'Metalzaleak' atala

Burdinola saioari dagokionez, bestalde, nazioarteko zein Euskal Herriko heavy metal doinuak plazaratzen ditu astero. Azkeneko berrikuntzak, klasikoak eta bereziak uztartzen ditu programak. Hasieratik iraun duen ataletako bat Herriko Burdina da, Euskal Herriko heavy metalari eskainitakoa. Izen bereko webguneari egiten dio erreferentzia; saiotik Interneterako jauzia egin zuen, www.herrikoburdina.eus webgunearen bitartez.

Joan den denboraldian, Burdinola-k atal berri bat estreinatu zuen: Metalzaleak. Metala gustuko duen pertsona ezagun batek bere disko eta abesti kutuna aukeratzen du, programari amaiera emateko. «Besteak beste, Dani Alvarez kazetaria, Xanti Rodriguez Legen Beltza taldeko musikaria eta Jon Koldo Tera musikaria pasatu dira atal horretatik. Uste baino metal zale gehiago daude gure artean, eta horiei tartea eskaintzea da helburua».

Irratsaioko esatariari iruditzen zaio Info7n gustura daudela Burdinola-ren bidearekin. Hamar urtez iraun izana, horren seinale. «Info7k informazioa du oinarri, baina musika programak ere eskaintzen dituzte. Egin irratiaren izaerari eutsi diote, alde horretatik».

Hamasei urtez heavy metala landu izanak zaletasuna areagotu egin duela iruditzen zaio Esnaolari: «Estiloari loturiko irratsaio bat egiteak lagundu dit talde asko ezagutzen, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak, atzokoak eta gaur egungoak».

Heavy metala euskaraz hedatzeko «gogo bereziarekin» jarraitzen duen arren, Esnaolak ez du argi urte luzez programa gidatzen jarraituko duen ala ez. «Etorkizunean aurrera egiteko ordezko bat gustura topatuko nuke. Hautagaiak badaude». BERRIAn ere diskoen kritikak idazten ditu Esnaolak, lau igandetik hirutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.