Komunikazioa. Estibaliz Gabilondo. 'Vaya Semanita' saioko elkarrizketatzailea

«Umorea artea da, beharrezkoa eta lagungarria, baina egiten oso zaila»

ETB1eko 'Kilker dema' saioan eman zituen lehenengo pausoak telebistan Gabilondok. Orain 'Vaya Semanita' programako gonbidatuak elkarrizketatzen ditu ostegunero, 22:15ean.

EITB.
Maite Alustiza.
2011ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ETB2ko Vaya Semanita saiora iritsi berri da Estibaliz Gabilondo (Donostia, 1976). Caiga Quien Caiga umore saioan berriemaile gisa lan egindakoa da; orain, berriz, gonbidatuen elkarrizketak gidatzen ditu platoan. Kazetaria izateaz gain, aktorea ere bada; Izarren argia euskarazko filmean parte hartu zuen, beste zenbaiten artean. Ostegunero ikus daiteke Vaya Semanita saioan, 22:15ean hasita.

Zer moduz hasi duzu esperientzia berria?

Oso pozik nago. Lehendik ere Pausoka ekoizpen etxearekin lan egindakoa naiz, eta oso jatorrak izan dira nirekin. Vaya Semanita saioko lantaldea, berriz, korridoreetan ikusita ezagutzen nuen. Gainera, Maldo lagun eta lankidearekin batera hasi izanak lagundu nau; urduritasuna elkarrekin eraman dugu.

Lehendik ikusten al zenuen programa?

Bai, ikusten nuen, baina amorrua ematen dit hemendik kanpora esketxak bakarrik iristen direla. Dena den, ezagutzen nuen saioa, Urtezahar gauean Donostiara etortzen naizenean ikusteko ohitura dugu eta. Saioan lan egiten hasi aurretik ere ikusi dut.

Orain saioa gertutik ezagututa, aldatu al da horretaz zenuen ikuspegia?

Hobera aldatu da saioaz nuen ikuspegia, askoz osatuagoa dela iruditzen zait. Dibertigarria da platoan gertatzen dena, elkarrizketak eta abar. Eta zer esanik ez platoko jarduna eteten duten esketxak; maisu lanak dira.

Berrikuntzak iritsi dira saiora; esketx interaktiboa, adibidez. Saioari bultzada emango al diote?

Zerbaitek irauten badu berriztatu egin delako da. Beti berdin jarraituko balu atzera geratuko litzateke, beharrezkoa da egokitzea. Begira Madonna. Betiko gona eta zapiekin jarraitu izan balu, akabo.

Umoreak gai korapilatsuak lantzea errazten al du?

Umorea egitea oso zaila da. Egia da muga batzuk daudela, serioak eta korapilatsuak diren gaiak daude, eta askotan ez dakizu nola jokatu. Umorea artea da, beharrezkoa, eta asko laguntzen du gauzak umorez hartzeak. Ni umorearekin lanean nabil orain, baina lehenengo mailan besterik ez nago, ikasten ari naiz.

Zinema ala telebista?

Produktuaren arabera aukeratuko nuke bata edo bestea. Nahiago dut film on batean lan egin programa kaskar batean baino, eta alderantziz. Ikasteko aukera ematen didan proiektuaren alde egingo nuke.

Nolakoa izan zen Izarren argia filmean lan egitea?

Oso gogorra izan zen, baina, aldi berean, zoragarria. Hunkituta utzi ninduen. Antzezten hasi aurretik informazioa bildu behar izan genuen; dena den, ez da gauza bera irakurtzea eta antzeztea. Leher eginda iristen ginen etxera egunero, baina esperientzia ikaragarria izan zen. Gainera, euskaraz lan egiteko aukera izatea asko gustatu zitzaidan.

Etorkizunean euskaraz lan egitea gustatuko litzaizuke?

Gustuko dut euskaraz lan egitea, eta kanpoan bizi naizenez, pena ematen dit egin ahal ez izateak. Nire lehenengo lana euskaraz egin nuen telebistan, ETBn, Kilker dema izeneko saioan. Geroztik Izarren argia filma da euskaraz egin dudan gauza bakarra. Ahal bezain pronto Euskadira bueltatu nahi dut. Hemen lan egin, aukera ematen didaten edozertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.