Ikus-entzuleen harrera ona izan zuen joan den denboraldian ETB1eko Ur handitan erreportaje saioak, eta gaurtik aurrera, asteartero, atal berriak ikusteko aukera izango da (22:25). %2,8ko ikusle kuota lortu zuen programak aurreko ikasturtean, katearen batezbestekoak baino zortzi hamarren gehiago. Ane Rotaetxe saioko zuzendariak iragarri du iazko bide beretik jarraitzeko asmoa dutela: «Astero-astero gaiak eta protagonistak topatzeak duen zailtasunari helduko diogu, eta ilusio handiz ekingo diogu denboraldiari».
Denboraldi berriko estraineko atalak Ateak itsasoari izenburua du. Uztailean, programako lantaldea Melillara (Espainia) joan zen, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako eta beste elkarte batzuetako kideekin batera. «Road movie baten antzera aurkeztuko dugu erreportajea», iragarri du saioko zuzendariak. «Lantaldea oso hunkituta itzuli zen han jasotakoarekin, eta uste dut saioak berak bizitakoaren gogortasuna islatzen duela». Melillara iristean, han bizi direnen bizipenek hartuko dute protagonismoa. Hainbat galdera egingo ditu saioak: «Nola ikusten dituzte etorkinak bertako herritarrek? Zein ilusio dituzte hesia gainditu edo ontzian bidaia dutenek? Nolakoak dira kalean bizi diren adin txikikoak?». Mugaren albo batean eta bestean bizi direnen errealitatea kontatuko du Xabier Madariaga aurkezleak. Hesia gainditu eta Europa jomuga dutenen eta hesi hori desagerrarazi nahi duten euskal herritarren hitzak tartekatuko dituzte.
Rotaetxek iragarri du datorren asteko saioan Iñigo Martinez dantzariaren bizitzan murgilduko direla. Martinez osteogenesi inperfektuaren gaitzarekin jaio zen, kristalezko hezurrak gisa ezagutzen denarekin. Hezur ugari apurtu zaizkiotxikitatik, eta ebakuntza asko egin behar izan dizkiote. Gaur egun, Bartzelonan bizi da, eta bizimodua goitik behera nola aldatu zaion kontatuko du. «Saio hori egiten asko gozatzen ari gara», adierazi du programako zuzendariak.
Ur handitan saioko lantaldea iazko bera izango da, aldaketa batekin: Leire Ferro kazetariak ez du jarraituko, eta, haren ordez, Joana Lasheras kazetaria sartu da —ETBko hainbat saiotan lan egin du—. Gidoilari buru Fermin Etxegoien da, iaz bezala.
Euskarazko katearen saioak izaniko arrakasta dela eta, ikusle batek baino gehiagok eskatu du erreportajeak ETB2n ere ematea, adibidez, euskarazko azpidatziekin. «Hainbat tokitatik iritsi zaigu eskaera hori, baina halako erabakiak ez daude gure esku», esan du Rotaetxek. Erantsi du «oraingoz» ETBk ez diela jarri ikusle datu zehatzik lortzeko helbururik.
'Ur handitan' gaur itzuliko da
Gaurko atalean, Melillako hesira joango dira, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu