ETB1eko Ur handitan erreportaje saioan Aldi baterako habia atala emango dute gaur 22:20an. Harrera familien errealitatea jasoko dute erreportajean. Familia beharrean daude haur asko, eta bakoitzak iragan eta errealitate ezberdina du, ETBko saioan aztertuko duten moduan.
Araiako (Araba) familia baten berri emango dute saioan. Bea Auzmendik eta Aitor Mendizabalek Aner seme biologikoa izan zuten, eta, ondoren, familia handitu nahian, 2 urteko mutiko bat hartu zuten harreran. Bi urte pasatu dira orduz geroztik, eta egokitzapen prozesuaren zailtasunez hitz egingo dute Mendizabalek eta Auzmendik.
Xabier Euzkitzeren eta Txus Manterolaren familia izango da beste istorio baten protagonista. Seme biologiko bakarra izan arren, adoptaturiko 12 urteko neska bat eta harrera familia mugagabean harturiko 9 urteko semea dute. Laugarren haur bat batu zaie orain, urgentziazko harreran hartu duten hilabete gutxiko umea.
Bestalde, 2 eta 6 urteko ahizpak harreran hartu zituzten Mikel Iraundegik eta haren bikotekideak prozesu zail horren berri emango dute. Senegaldik eta Ukrainatik Euskal Herrira iritsitako gaztetxoen beste bi istoriok osatuko dute programa.
'Ur handitan' saioan harrera familien inguruan ariko dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu