Legearen bi aurpegiek ixteko zorian utzi dute Madrilgo Vallecas langile-auzoko Tele K telebista katea. Irabazteko asmorik gabeko telebistei seinalea digitalean zabaltzeko eskubidea bermatzen die ikus-entzunezkoen legeak, baina publizitatea saltzea debekatzen diete. Horrek porrot ekonomikoaren atarian jarri duTele K. Ataka larrian, kanpaina bat abiatu dute, bazkideak lortu eta katea salbatzeko.
Madrilgo tokian tokiko telebistarik zaharrena da Tele K; 1993. urtean hasi zen saioak aireratzen. Filosofia argia zuen hasieratik: Madrilgo gizarte mugimenduei laguntza eman, eta auzoko artista gazteak ezagutarazi. «Maiatzaren 15eko mugimenduaren eta Solen kanpaturikoen telebista ofiziala izan gara, ia», azaltzen du Francisco Perez zuzendariak. Euskal Herriaren kasuan, «beti egon gara ideien kriminalizazioaren kontra eta bidezko konponbide baten alde». Udalbiltza auzia-n, esaterako, epaituak elkarrizketatu zituzten. Kultura aldetik, besteak beste, Ska-P musika taldeari laguntza eman zioten, eta orain musikariok dabiltza telebistari mesedea itzuli nahian: bazkide egin dira.
500 bazkide, 60 euro urtean
PPk gobernaturiko Madrilgo Erkidegoko Gobernuak, kanalik gabe utzi zuen Tele K, 2005. urteko banaketan, nahiz eta horrek ordurako 13 urte zeraman lanean, eta kanalak eman zizkien sortu berriak ziren egitasmoei. Egoera apur bat konpontzeko, Ikus-entzunezkoaren Legea onartu zuten iaz. Perezek salaketa gisa adierazi duenez,legean «kate pribatu handien eskua ikusten da». Haren iritziz, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernua «oso ahula» izan zen horien presioei aurre egiteko. Emaitza: tokian tokiko telebista eskuzabalenek ezin dute tokian tokiko publizitaterik zabaldu.
Kanpainaren helburua: 500 bazkide lortzea, urtean 60 euro emango dituztenak. Horrekin, katearen aurrekontuaren erdia ordaintzea espero dute. Beste erdia telebistak hark sortzen dituen saioak saltzetik eta ikastaroak ematetik aterako lukete, Perezek azaltzen duenez.Kateak langile bakarra du. Gainerakoak ikasleak eta laguntzaileak dira. Horiekin, hiru saio ordu berri sortzen dituzte egunero, eta 24 orduko emanaldia ematen. «Esperanza Aguirrek hedabide atzerakoienei eman zizkien kanalak», kexu da Perezek. Tele K ezinbestekoa da, Vallecas «umezurtz» ez uzteko.
Komunikazioa
'Vallekas'-ko telebista salbatu
Publizitatea saltzea debekatzen dio legeak Tele K Madrilgo Vallecas auzoko telebistari, eta, itxi behar ez izateko, bazkideak lortzeko egitasmo bat abiatu dute, ikusle eta gizarte taldeen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu