Bueltan da ETB2ko umore saioa.2013ko otsailetik, Pausokak ez zuen Vaya semanita-ren atal berririk egiten. Baina ETBk lau atal egiteko enkargua egin dio ekoizpen etxeari, «oso epe laburrean», Jabier Garcia de Bikuña saioko zuzendariak azaldu duenez. Gaurko atalaren izenburua Vaya semanita: resacón en las urnas izango da (22:25). «Denbora gutxi eman digute. Baina gaurkotasunari lotutako umorea funtzionatzen ari da, eta une aproposa da Vaya semanita itzultzeko», azaldu du Garcia de Bikuñak. Lau atal horien ikusle datuak onak badira, programak jarraitzeko aukera izango luke. «Hori da daukagun ilusioa, funtziona dezala eta atal gehiago egitea», gaineratu du saioko zuzendariak.
Aurreko denboraldietan parte hartu zuten aktoreak azalduko dira saioko esketxetan: Asier Hormaza, Iker Galarza, Miriam Cabeza, Itziar Atienza, Andoni Agirregomezkorta, Humberto Gutierrez, Diego Perez, Leire Ruiz eta Maribel Salas.
Itzulerako atalean, maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen emaitzen ondorengo egoera politikoa aztertuko dute. Nekane Amaia ijito abertzalea izango da gaueko protagonistetako bat, bere herriko alkate aukeratu baitute. Javier Maroto Gasteizko alkatearen parodia egingo dute—etorkinentzako bideoklip bat aurkezten azalduko da—. Iñaki Perurenak, bestalde, hainbat aholku emango dizkio Rosa Diezi hauteskundeetako porrota gainditzeko. Gloria Serrak eta bere lantaldeak EAJren garaipenaren sekretua zein izan den azaleratuko dute. Espainiako errege-erreginak ere azalduko dira, Game of Thrones telesaila arretaz jarraituz.
Garcia de Bikuñak iragarri duenez, bigarren atala abizenen ingurukoa izango da Ningún apellido vasco izenburuarekin. Hirugarrena oporren gaineko esketxekin osatuko dute. Laugarrena, berriz, estudioan grabatuko dute.
'Allí abajo'-k, %32,2ko kuota
Oscar Terol izan zen Vaya semanita saioaren sortzailea, 2003. urteko irailean. Hain zuzen ere, 2004-2005 denboraldian lortu zituen datu onenak, Terol aurkezle eta zuzendari zela. Antena3eko Allí abajo telesailaren gidoilari eta aktoreetako bat da orain Terol. Umorezko telesail horren lehen denboraldia ikusle datu apartak ari da lortzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Astearteko atalak, esate baterako, %32,2ko ikusle kuota lortu zuen (293.000 ikus-entzule). Astero ari da %30ko ikusle kuota gainditzen. Jon Plazaola eta Maria Leon dira aktore protagonistak, eta Atresmedia taldeak iragarri du bigarren denboraldi bat grabatuko dutela. Vaya semanita-ren atal berrietan ariko diren bi aktore ere agertzen dira Antena3eko telesailean: Iker Galarza eta Maribel Salas.
'Vaya semanita' saioa atal berriekin itzuliko da gaur
Sorta berriko lehen atalean, udal eta foru hauteskundeen ondorengo egoera aztertuko dute.Aurreko urteetako aktoreek jarraituko dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu