Azken egunotan Euskal Herriko kultura protagonista izaten ari da AEBetako hiriburuan. Folklife jaialdia egiten ari dira han igandera arte. Urtero, herrialde bat gonbidatzen dute, bere herri kultura erakus dezan. Euskal Telebista jaialdiaren berri hartzen ari da, eta, gaur, Washington, ongi etorri saio berezia emango dute, 22:15ean, ETB2n. Xabier Lapitzek aurkeztuko du saioa.
ETBk iragarri duenez, Idaho eta Kaliforniako (AEB) euskal diasporako kideak elkarrizketatuko dituzte, azal dezaten nolakoa den aldi berean euskalduna eta estatubatuarra izatea. Tartean egongo dira Munduko Bankuarentzat hiriburuan lan egiten duten bi emakume bizkaitar. Horrez gain, Michael Mason Smithsonian erakundeko Folklife and Cultural Heritage zentroko zuzendariaren hitzak zabalduko dituzte. Hark antolatu du jaialdia. Iturengo joaldunek Kapitolioaren aurrean eginiko ibilaldia erakutsiko dute. Era berean, AEBetako Kongresua eta Senatua aterpetzen dituen eraikin horren aurrean Aitzol Atutxa aizkolari txapeldunak egingo duen erakustaldia agertuko dute.
AEBetako Gobernuko Barne Idazkaritzaraino sartuko dira gaurko erreportajeko kamerak, David Jayo euskaldun estatubatuarra gidari. «Zer dakite estatubatuarrek euskaldunei buruz eta zer dakigu guk haieie buruz?» galderei erantzungo diete saioan, ETBk adierazi duenez. Euskaldunek AEBetako kulturaren garapenean izaniko eginkizuna aztertuko dute.
Lapitz zuzeneko konexioak egiten aritu da azken egunotan Washingtondik, ETB2ko Sin ir más lejos eta En Jake saioetan.
600 jarduera baino gehiago
Ekainaren azken astean eta uztailaren lehenean egiten da Folklife jaialdia. National Malleko lorategietan daude karpa zuriak, joan zen astetik. Uztailaren 4an milioi bat lagun hartu zituztela esan zuten antolatzaileek. AEBen Independentzia Eguna ospatu zuten horretan. Ehunka ekitaldi egin dituzte 12.000 metro koadroko jaigunean, Euskal Herriko eta euskal diasporako kulturarekin lotuta, eta 600 jarduera baino gehiago egingo dituzte igandera arte.
Lehenbiziko aldiz, Europako hegoaldeko kultura bati eskaini diote jaialdia. Basque innovation by culture (euskal berrikuntza kulturaren bidez) izenburupean ari dira. Tradizioa eta berrikuntza uztartzeko ahalmen hori ilustratzeko, batez ere euskal dantza eta musika tradizionalaren interpretazio garaikidea egiten duten artistak eraman dituzte Washingtonera, tartean Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa eta haren Aukeran konpainia. Musikarekin eta dantzarekin batera, herri-kirol saioak egin dituzte Obeliskoaren aurreko belardietan.
Washingtongo euskal jaialdiaz saio berezia ETB2n
Idaho eta Kaliforniako diasporako kideak elkarrizketatuko dituzte, eta Iturengo joaldunek Kapitolioaren aurrean eginiko ibilaldia erakutsi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu