Euskalerria irratiak 24 urte daramatza airean, euskarazko programazioa eskaintzen Iruñerriko euskaldunei. 24 urte airean, baita lege aldetik ere, oraindik ere Nafarroako Gobernuak ukatu egiten diolako emititzeko baimena. Denboraldi berria prestatu du irratiak. Urteurrenari begira, webgunea indartzea eta sozialagoa egitea erabaki du. Datozen hilabeteotarako gizartean, politikan eta ekonomian aurreikusten dituzten mugimenduei begira, berriz, arreta berezia jarriko dute albistegietan.
Azaroaren 7an du urtebetetzea irratiak. Hori ospatzeko, webgunea berrituko du. «Tresna hobea izanen da», dio Juan Kruz Lakastak, irratiko ordezkariak. Orain artekoak blog egitura zuen, eta berriak programazio osoa podcast gisa eskainiko du. Horrez gain, irratiak sare sozialetan duen jarduna elikatzeko, pertsona bat jarriko dute. Twitter eta Facebooken mugimendu gehiago eragin nahi dute, horietan zabaltzeko bitarteko handia dutela sumatu dutelako. «Arazoak arazo, ahal dugun bezala elikatu ditugu orain arte, eta trafiko handia izan dugu», dio Lakastak: 500 erabiltzaile inguru egunean. «Ezin dugu jende hori behar bezalako arretarik gabe utzi. Tokiko informazioan hutsune nabaria dago Iruñe aldean, Nabarreria egitasmoa bertan behera geratu denetik. Hori betetzen saiatuko gara».
Oihane Arangoa, bueltan
Albisteak sendotzeko, apustu berezia egin du irratiak. Horretan Oihane Arangoa izango da gakoa. Irratigintzatik aldenduta egon ondoren, Iruñeko estudioetara itzuli da. Mikel Bujanda eta Maialen Uharterekin osatuko du albistegien bizkarrezurra.
Irratiaren muina laguntzaileak dira, halere. Musu truk dabiltza ehun kide baino gehiago, iritzi-emaile edo analista gisa, hainbat belaunaldiren ikuspegiaren isla: Hedoi Etxarte, Iñigo Astiz eta Anjel Erro gazteak arituko dira, Aingeru Epalza, Fermin Erbiti eta Inma Errea beteranoekin batera, besteak beste.
«Indarrak metatzeko urtea izanen da», dio Lakastak. Izan ere, 25. urteurrena prestatzeko baliatuko dira denboraldi berriaz. Mende laurdena betetzen dutenean, irratia «berriz pentsatzen» jarriko dira. Orduan etorriko dira aldaketa sakonagoak. Lizentzia behingoz lortuz gero, osoagoa izango da ospakizuna.
Komunikazioa
Webgune sozialagoa eta albistegi indartsuagoak Euskalerria irratian
Aurki 24. urteurrena beteko du Iruñerriko irratiak, eta mende laurdena ospatzeko prestatzen hasiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu