Webgunea «gaurko kontsumorako» moldatu du Oizmendi telebistak

Bizkaiaren bihotzean, batuaren aldeko apustua egin du Gernika-Lumoko hedabideak

Bizkaiko Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdetako gaur-gaurko gaien berri ematen du Oizmendi telebistak. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oizmendi.eus webgunea berritu du Oizmendi telebistak. Bizkaiko Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdetako telebista da, eta erreferentzia Bermeo eta Gernika-Lumo herrietan. «Ikusi dugu telebistaren kontsumoa asko aldatu dela azken urteotan», esan du hedabidearen zuzendari Xabier Elizburuk. «Dagoeneko ikusleak ez dira jartzen telebista aurrean, ematen dutena ikusteko. Orain, jendeak zuzenekoa streaming bitartez ikusten du, edo nahieran estiloko formatuak erabiltzen ditu bideoak ikusteko», azaldu du. Bi zerbitzu mota horiek hobeto emateko moldatu dute webgunea.

Datozen egunetan abiatuko dute streaming zerbitzua, euren emanaldiak zuzenean eskaintzeko. Albisteak eta erreportajeak banan-banan jartzen dituzte dagoeneko, Vimeo zerbitzua erabilita. «Youtuben denetatik dago, eta Vimeon jartzea aldez aurretik aukeraketa egitea bezala da».

Oizmendi telebista 2002. urtean sortu zuten. «Informazioa, kultura, kirola, udal informazioa eta aisialdia dira telebistaren ardatzak, eta bi eskualde hauetako eguneroko errealitatea euskaraz hedatzea», hedabidearen aurkezpen testuaren arabera.

Euskaltelen bidez zabaltzen dute seinalea, eta baita Oiz mendiko antenatik hedaturikoLTDren bidez. «Azkenean, ordea, zailtasunak ditugu leku guztietara heltzeko, eskualdearen orografiarengatik», esan du Elizburuk.

Batuaz, Bizkaian

Azken asteotako ika-miken ondoren, bat baino gehiago harrituko da jakitean Oizmendi telebistan batuaz egiten dutela. «Batuaren aldeko apustua egin genuen», esan du Elizburuk. Bizkaian «Gernikatik Bermeora edo Ondarroatik Markina-Xemeinera asko aldatzen da euskara», azaldu du. Bizkaiera jasoaren edo batuaren alde egin zezaketen, eta batua hautatu zuten. «Jendea ohitu da albisteak eta erreportajeak batuan entzuten», zuzendariak esan duenez.

Streaming-a abiatzea eta udalen laguntza lortzea dute erronka, datozen aste-hilabeteetarako. Euskarazko Tokiko Telebisten Elkarteko eta Tokikom toki komunikabideen bateraguneko kidea da Oizmendi telebista, eta 2015. urtetik aurrera, Infosareko partaide. Horri esker, Gipuzkoako Goierri telebistarekin, Erlo telebistarekin eta 28 Kanalarekin partekatzen dituzte saioak. Webgunean eginiko aldaketek indartu egingo dute telebistak azken urteetan sare sozialen alde egin duen apustua.

Beste tokiko telebistekin alderatuta, kaleko lanari ematen diote garrantzia Oizmendi telebistan. Estudiotik aritu beharrean, «kaleko jendeari ematen diogu ahotsa», esan du Elizburuk. Gertuko telebista da, beraz: «Oso erraz deitzen digute ikusleek, kritikak egiteko, besteak beste, eta Bermeoko adineko emakumeek kalean esan egiten digute gure lanaz pentsatzen dutena», adierazi du zuzendariak. «Onerako zein txarrerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.