Interneten, edukiak elikatzeko baliabideen artean, ezagunenak blogak dira. Baliabide horien bitartez, norbanakoak, elkarteak edo enpresak hainbat artikulu eta sarrera argitaratzen joan daitezke. Oro har, artikulu edo sarrera bakoitza pertsona bakarrak idazten du.
Wikia, ordea, elkarlanerakopentsatua dagoen baliabidea da, eta informazioa, dokumentuak edo webguneak taldean sortzeko eta elikatzeko. Beraz, oso baliabide aproposa da auzolanerako, eta informazioa taldean eta elkarlanean sortzeko eta mantentzeko.
Zer da wiki bat?
Wiki hitza hawaiieratik dator, wiki wiki esamoldetik; arin-arin esan nahi du euskaraz. Ward Cunningham izan zen wiki sistema batean oinarritzen zen lehenengo webgunearen sortzailea. Hala, bada, wiki sistema batekin hainbat erabiltzailek elkarlanean eta era erraz eta azkar bateansor, alda eta ezaba ditzakete loturak eta testua formatuarekin. Horretarako, nabigatzailea eta sare konexioa baino ez da beharrezko. Gainera, wikietan erraz berreskura daitezke edukien aurreko bertsioak eta bertsio zaharrak, dokumentu edo orrialde bakoitzean egin diren aldaketen historikoa gorde egiten delako.
Wiki sistemak maila guztietan dira erabilgarriak auzolanean informazioa kudeatzeko, enpresentzat zein elkarteentzat. Esaterako, dokumentu bakarra adosteko eta lantaldean idazteko edo enpresaren ezagutza kudeatzeko erabil daiteke.
Wikipedia, wiki adibiderik nabarmenena
Wikipedia wikien emaitza nabarmenetariko bat da. Wikipedia entziklopedia eleaniztuna da, Interneten kontsulta daiteke, eta, beste web entziklopediak ez bezala, auzolanean osatzen da; hau da, edonork sor dezake artikulu bat, edo jada dagoen bat osatu, nahi duen hizkuntzan. Wiki aplikazio erraldoi bat dela esan liteke, hori delako artikuluak idazteko eta osatzeko era, eta hitz horretatik hartu du izena. Gaur egun, ospe handiko entziklopedia bilakatu da Interneten, eta oso erabilia da. Hau da euskarazko wikipediaren helbidea: http://eu.wikipedia.org/.
Wikiak sortzeko baliabideak
Askotariko baliabideak daude wikiak doan sortu ahal izateko. Batzuk doako zerbitzuak dira, nahi duenak wikia on line sortu ahal izateko; eta beste batzuk aplikazio libreak dira, Interneteko ostatze zerbitzu propio batean edo intranet pribatu batean instalatu eta inplementatu ahal izateko. Edozein kasutan, sortzen diren wikiak publikoak —edonork ikusteko eta soilik baimena dutenek elikatzeko— edo pribatuak —soilik ikusi eta elikatu ahal dituzte baimenak dituzten erabiltzaileek— izan daitezke. Horrela, wikia nahi den bezain itxia edo irekia izan daiteke. Adibidez, Interneten aurkitu daitezke guztiz irekiak diren wikiak, non edozein erabiltzailek ikusi eta elikatu ditzakeen; edo oso itxiak, soilik baimena duten erabiltzaile batzuek ikusi eta editatu ditzakete.
Wikia sarean sortzea oso erraza da, eta ez du behar inolako azpiegiturarik, nabigatzailea eta Internet konexioa baino ez. Web zerbitzu horien artean oso ezaguna da Wikispaces (http://www.wikispaces.com). Horren bitartez, oso erraz kudeatu ahal da wiki bat. Bi aukera eskaintzen ditu: bat doakoa, norbanakoentzat, elkarteentzat edo ikasleentzat; eta beste bat ordainpekoa, enpresentzat. Wikispaces moduan, beste zerbitzu batzuk ere badaude wikiak sortzeko: Wikia (http://www.wikia.com), XWiki (http://www.xwiki.com) edo Writeboard (http://writeboard.com); Google Docs bera ere uler daiteke Wiki filosofiatik, zeren eta dokumentuak partekatu ahal baitira, lantaldean osatu eta aldaketen historikoa gordetzen baita.
Wikia nork bere zerbitzarian edo intranetean eratu nahi izanez gero, aukera ugari ere badaude. PHPWiki (http://phpwiki.sourceforge.net), adibidez, PHPz garatuta dago, eta hainbat datu baserekin ibili ahal da; DokuWiki ere (http://www.dokuwiki.org) oso ezaguna da; gainera, azken horrek ez du behar datu baserik, testu fitxategiak baino ez baititu erabiltzen; aurrekoa bezala PHPz garatuta dago. Beste programazio lengoaietarako ere alternatibak badaude: MoinMoin (http://moinmo.in) Python-ez garatuta dago, OpenWiking ASPz, eta antzinetariko bat, UseModWiki, Perl-ez garatuta dago.
Zibergela
Wikiak: elkarlanerako tresnak
Wikiak oso baliabide interesgarriak dira webguneak eta dokumentuak elkarlanean garatzeko, 'on line' eta era erraz batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu