Zirimiriak bustitako goiza izan zen atzokoa Durangon. Askok jaieguna zuten, eta, kalerako baino estalperako eguraldi hobea zenez, azokara gerturatzeko baliatu zuen kultur zale ugarik. Zenbaitek liburu eta diskoak ikusteaz gain, euskal Wikipediaren edizio-maratoian ere parte hartu zuen. Horrela, liburu eta diskoak protagonista diren Landakoko eraikinean informatika munduak ere izan zuen bere txokoa.
Aurten euskal Wikipediak hamar urte betetzen dituela aitzakiatzat hartuta, euskal Wikipediaren edizio-maratoia antolatzea bururatu zitzaien, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) eta Gerediaga elkartearekin batera antolatu dute. Wikipedian sakontzea eta informazioa nola landu jakin nahi zuen orok kabi@ gunera gerturatzea besterik ez zuen. «Gure helburua Wikipediak nola funtzionatzen duen azaltzea da. Horrela, edozeinek sortu, moldatu eta aldatu ditzake bertan dauden artikuluak. Horrez gain, argazkiekin nola lan egin behar den ere erakutsiko dugu», azaldu du Gorka Labaka antolatzaileetako batek.
Maratoia eta hitzaldiak
Aretoan zeuden protagonista nagusiak, nola ez, ordenagailuak ziren. Horietako batzuk antolatzaileek jarritakoak ziren, baina etxetik ordenagailua ekartzea erosoagoa zela uste zuen jendea ere bazegoen. Parte hartzaile gehienak gizonezkoak ziren, bizpahiru emakume baino ez zeuden. Labakak gabezia hori informatika munduarena dela uste du. «Egia esan, arazoa informatika munduarena delakoan nago. Ordenagailuek ez dituzte emakumeak erakartzen; guztiz kontrakoa gertatzen da. Informatika arloan gizonezkoak emakumeak baino gehiago garela uste dut, eta hemen ere hori ikusten da».
Wikipedia maratoian parte hartzen zegoen emakumeetako bat Marta Morales barakaldarra zen. Morales Azoka ikusteko eta liburu edo diskoren bat erosteko xedearekin bildu zen Durangora. Landakoko eraikinera sartutakoan, aldiz, kabi@ gunean zegoen ekitaldiaren berri eman zion Gerediaga elkarteko kide batek. Ideia «interesgarrira» iruditu eta proiektuarekin bat egitea erabaki zuen. «Gaur arte Wikipediaren erabileraz ezer ez nekien. Ez nekien idatzitakoa moldatzeko jarraitu beharreko pausoak zeintzuk ziren. Baina hona gerturatu, eta antolatzaileen azalpenak entzun ondoren nire testua osatzen nabil», mintzo da Barakaldoko emakumea. Moralesek Wikipedian testuak idazten dituzten pertsonen lana eskertzekoa dela nabarmendu du; batez ere, euskarari eta antzeko hizkuntza txikiei dagokienez. Edukiak sortu eta moldatzeak ahalegina eta borondatea eskatzen dituela ere erantsi du, baina pozik dago. «Orain gutxieneko erabilera ikasi dudanez, nik ere testuak idatzi, moldatuko ditut, eta nahi duenak eskuragarri izango du informazioa», dio.
Maratoiaz gain, bestelako ekitaldiak ere izan ziren kabi@n. Hitzaldiak entzuteko aukera egon zen. Mintzaldia egin zuten Kepa Sarasolak, Gorka Labakak, Galder Gonzalezek eta Gorka Juliok. Horrez gain, jendeak ikasitakoa praktikan jartzen zuen bitartean sortzen ziren gorabehera eta zalantzak argitzeko prest agertu ziren hizlariak.
Wikipedia, azokaren zati
Euskal Wikipediaren maratoian parte hartzeko aukera izan dute Durangoko Azokara gerturatutakoek; webgunearen hamargarren urteurrena gogorarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu