Nafarroako Parlamentuan gutxitan gertatzen dena gertatu zen atzo kultura batzordean: talde politiko guztietako ordezkariak ados jarri ziren gai baten inguruan. Bozeramaile guztiek Xaloa telebistaren lana nabarmendu zuten, eta begi onez ikusi zuten LTDko lizentziaren eskaera. Baina errealitatea gaur egun ez da erraza Xaloarentzat. Egoera alegal batean daude, lizentziarik gabe eta, ondorioz, diru laguntzarik jaso ezinik. Eta langileak lan erregulazio batean, lansari erdia jasotzen.
Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra taldeek eskatuta egin zuten atzoko agerraldia Xaloa telebistako langileek. Lehendabizi, Xaloaren ibilbidearen inguruko bideo bat jarri zuten, 1997. urtetik hona egin duen lana laburbiltzen duena. Baztan, Bertizarana eta Malerreka inguruan herrietako egunerokotasuna jasotzen du tokiko telebistak, euskaraz, zerbitzu publiko bat eskainiz. «Zentsurarik eta betorik gabe», bideoan agertu zutenez. Zortzi langile izan zituen telebistak garai batean, baina orain sei baino ez ditu.
Agerraldian langileek sinatutako idatzi bat irakurri zuen Xabier Torresek, parlamentariei zuzendua: «Xaloa komunikabide ezarria da, onartua, beharrezkoa eta eginkizun sozial garrantzitsu bat betetzen duena». Baina LTDa sartu zenetik, egoera alegal batean dabil Xaloa, eta horri ez zaio konponbiderik eman. «Egoera honetan irautea gero eta arazo gehiago sortzen ari zaizkigu. Ezin daiteke betiko iraun burua uretan murgilduta», diote langileek. «LTDan emititzeko lizentziarik ez edukitzeak kanal analogiko zaharkituak erabiltzera kondenatzen gaitu, eta enpresa gisa garatzea ez digu uzten». Horregatik, parlamentariei babesa eskatu diete: «Ez betorik, segurtasuna behar dugu; ezjakintasunik ez, txalupa motibatua mantendu behar dugu; eta enpresa prest, heldu diren arazoei aurre egin eta bere ahalmen guziarekin garatu daitezen». Lizentzia emango dien erabaki politiko baten bila, erabaki administratibo bat eskatzen diete langileek alderdietako ordezkariei, «garai hauetan lanpostu hauek mantendu ahal izateko, edo gehiago sortu ahal izateko».
Joseba Igerabidek, berriz, Xaloa kultur elkartearen idatzia irakurri zuen: «Xaloa kultur elkartea heldu da agerraldi honetara borondateak elkartzeko asmoz, erabat behar dugun baliabide edo tresna lortzera telebista egiten jarraitu ahal izateko: LTDko lizentzia bat eskuratu». Iaz 60.000 euroren galerak izan zituen Xaloak. «Gainera, beste telebista kanalekin batera LTDn ez egoteak Xaloa telebistaren sinesgarritasuna gutxitu, eta galtzen ateratzen da». Lizentzia eskuratzeak lehentasun osoa du Xaloa kultur elkartearentzat. «Eta gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, zaila egiten zaigu ulertzea dauden lanpostuak eta sortzen ahal diren berriak galduko direla baimen administratibo baten gabeziagatik».
UPNren konpromisoa
UPNko ordezkari Begoña Sanzberrok azaldu zuenez, 2003. urtean Nafarroako Gobernuak zazpi barruti eskatu zituen LTDko lizentzietarako, baina Espainiako Industria Ministerioak bost eman zituen. Ondorioz, Sakana eta Baztan barrutietatik at gelditu ziren. «Gero alegazioak aurkeztu zituen Nafarroako Gobernuak, baina ez zen aldaketarik izan barrutietan. Prozesua hasieratik hasi beharko litzateke. Gure konpromisoa eta ardura dugu Madrilgo gobernuei egoera alda dezatela eskatzeko». PSNko ordezkariak esan zuen badela ordua «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko. PPkoak esan zuen galdetuko duela ministerioan lizentzien kontua nola dagoen.
Komunikazioa
Xaloa telebistak LTDko lizentzia bat eskatu du Nafarroako Parlamentuan
Tokiko kate horretan dauden sei langileak lan erregulazio batean daude, lansari erdia jasotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu