ATZEKOZ AURRERA. Veronica Donoso. Ikertzailea

«Youtube da sareko ataririk ezagunena haurrentzat»

Haurrek teknologia berriak nola erabiltzen dituzten ikertu du Donosok. Denborarekin teknologia garatu ahala, gailuak gero eta adin txikiagoko haurrengana iritsiko direla esan du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2015eko uztailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Teknologia eta haurrak. 4 eta 8 urte bitarteko haurrek teknologia berriak nola erabiltzen dituzten ikertu du Veronica Donosok (1975, Santiago, Txile) Flandriako Lovainako Unibertsitate Katolikoan. EHUko udako ikastaroetan hitzaldia eman du horren inguruan, Donostian.

Teknologia berriekin duten harremanari buruz galdetu diezue haurrei zuzenean.

Bai. Oso ikerketa gutxi egin dira munduan adin honetako haurrekin, zailtasunak eragiten dituelako. Familiak bisitatu genituen, eta gurasoei batetik eta haurrei bestetik, elkarrizketak egin genizkien. Jolasen bidez aztertu genituen gai asko haurrekin.

Eta zein gailu teknologiko erabiltzen dituzte haurrek?

Gehienbat, tabletak eta sakelako telefonoak erabiltzen dituzte haurrek.

Hain zuzen, teknologiaren garapenak erabilera erraztu egin duela diozu.

Bai. Orain dela hamar urte ordenagailuak ziren nagusi, eta adin gutxiko haurrentzat sagua erabiltzea oso zaila da. Baina ukimen bidezko teknologiak gauzak askoz sinpleago bilakatu ditu. Orain, atzamar batekin jolastu daitezke haurrak. Teknologiaren garapenak erraztu egin du urte gutxiko haurrek gailu horiek erabiltzea.

Etorkizunean, beraz, gailuak erabiltzeko adina jaitsi egingo da?

Bai. Dagoeneko badago aukera ahotsarekin bakarrik Interneten bilaketak egiteko. Teknologia horiek zabalduz joaten diren neurrian, adin txikiagoko haurrek erabiliko dituzte.

Zein leku du teknologiak haurren bizitzan?

Teknologia oso garrantzitsua da, baina ez da beste arlo batzuen gainean gailentzen. Gurasoekin egotea, kirola egitea edo beste hainbat ekintza ere asko gustatzen zaizkie haurrei.

Zein tresna erabiltzen dituzte?

Youtube da sareko ataririk ezagunena haurrentzat, bideoak ikusteko erabiltzen dute, batez ere, eta Angrybird eta Minecraft jokoak ere bai. Senideak kanpoan dituzten familietan Skype ere izugarri zabalduta dago.

Eta Facebook?

Bitxia da, baina ez zuten gehiegi ezagutzen. Adin horretan, gurasoekiko lotura handia dute oraindik, eta arlo soziala ez dute gaztaroan bezain garatuta.

Teknologiak eskaintzen dituzten abantailak handiagoak al dira arriskuak baino?

Bai. Ikasteko balio dezakete askotan, hezkuntza ez-formalerako oso baliagarriak baitira. Haur batek, adibidez, kontatu zigun nola ikasi zituen batuketak eta kenketak egiten iPadean.

Eta zeintzuk dira alde txarrak?

Indarkeriaz betetako edukiak eskura izaten dituzte sarean, eta hainbat bideo jokotan, eta ezezagunak ezagutu eta haiekin harremanetan jartzeko aukera ematen die Internetek.

Gurasoak ohartzen al dira arriskuez?

Bitxia da. Adin horretako haurrak dituzten gurasoek sentitzen dute seme-alabek ez dutela arriskurik sarean. Haurrek irakurtzen eta idazten ez dakitelako eta sare sozialak ez dituztelako erabiltzen uste dute hori. Etorkizun hurbil batean ikusten dituzte arriskuak, ordea. Gaztaroarekin lotzen dituzte gehiago halakoak.

Eta haurrek zer diote?

Badute arriskuaren gutxieneko kontzientzia bat. Arlo komertzial eta teknikoari begira, batez ere. Adibidez, «hemen ezin dut klikatu, bestela gailua izorratu egiten delako», esaten zuten zenbaitek, birusak aipatzeko orduan.

Zein norabidetan egin beharko litzateke lan?

Ez dira bakarrik haurrak hezi behar. Gurasoak ere hezi behar dira haurrak nolabait gidatzeko, eta modu orekatu batean arriskuak zein diren irakasteko. Haurren gainean egon beharra dago, galderak egin... Gurasoekin harreman ona izateak arriskuak eta kalteak gutxitu egiten ditu. Politika publikoak beharrezkoak dira, gurasoek informazio gehiago izan dezaten, eta etxeetara liburuxkak eta halakoak bidaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.