'Kinotico' hedabide digitaleko zuzendaria

David Martos: «Zaila da film bat ez zaizula gustatu esatea iragarki bat jarri dizutenean»

Zinemari eta telesailei buruzko hedabide espezializatua da 'Kinotico'. Podcastak, bideoak eta albiste buletinak egiten dituzte, besteak beste.

David Martos 'Kinotico' hedabide digitaleko zuzendaria. KINOTICO
David Martos 'Kinotico' hedabide digitaleko zuzendaria. KINOTICO
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

2005etik 2012ra SER irratiko albistegietan egin zuen lan David Martosek (Madril, 1984). Eta, irrati horretan, La Script zinema saioaren etapa berria sustatu zuen. 2016an Kinotico izeneko podcasta abiarazi zuen, Eldiario.es-ekin elkarlanean.

Podcast bat zena hedabide bat da orain, bere taldearekin. Nola izan da prozesua?

Zinema jaialdien berri ematera joan izan naiz azkeneko urteetan, eta inbidia nien industria eta edukiak uztartzen dituzten nazioarteko hedabideei. Variety edo Hollywood Reporter aipa daitezke horien artean. Halakorik ez zegoen Espainian. Ideia hori buruan nuen, eta, azkenean, martxan jarri nuen: Kinotico. Hedabide horretan egin nahi duguna zera da, ikus-entzunezko industriaren berriak eta asteko estreinaldiak azal batean eman. Pixkanaka ari gara. Gure podcastek iaz 150.000 entzunaldi izan zituzten.

Nola duzue egituratua lantaldea?

Lantalde finkoan bost erredaktore daude. Kolaboratzaile kopurua, berriz, aldakorra da; hamar-hamabost kolaboratzaile daude, eta horiek joan-etorrian ibiltzen dira. Edozein hedabideren gisan, egun osoan adi egon behar dugu, ikus-entzunezko industriaren ahalik eta eremurik zabalena betetzen saiatzen baikara.

Harpidedunak dituzue, baina publizitatea ere bai.

Hedabidearen finantzaketa mistoa da: publizitatea eta harpidedunak dauzkagu. Eduki batzuk babestuak daude, eta horrek esan nahi du sektoreak konfiantza duela hedabidean. Harpidedun kopurua handituz doa, baina publizitatetik diru gehiago ateratzen dugu. Harpidedunei eduki berezituak eskaintzen dizkiegu; podcastak eta informazio asko irekian eta doan dira denentzat. Baina beste eduki batzuk gure ezagutzarekin eta informazio iturriekin indartzen saiatzen gara.

Hainbeste eduki dagoen garai honetan, preskriptore lanak egitea garrantzitsua da?

Bueno, nahiko nuke gu preskriptoreak izatea, baina ez dut uste hala garenik. Preskriptore batek esan beharko lizuke zein eduki ikusi eta zein ez. Gure podcastean, zer gustatzen zaigun esaten dugu. Baina, bestelakoan, Kinotico-ren xedea da sektorearen kontalaria izatea, hau da, irakurtzen duenak jakin dezala zer ari den gertatzen sektorean. Kronikariak gara, preskriptoreak baino gehiago. Horrez gain, zaila da preskriptorea izatea zure finantzaketaren parte handi bat sektoretik ateratzen denean. Zaila da film bat ez zaizula gustatu esatea iragarki bat jarri dizutenean. 

Albiste buletin bat argitaratzen duzue goizero, 08:00etan. Nola doa?

Kinotico-rentzat ate garrantzitsua bilakatu da. Hasieran pentsatzen nuen osagarri bat izango zela. Baina hamabost hilabete daramatzagu buletinarekin, eta gero eta harpidedun gehiago ditu. Espainiako ikus-entzunezko ia sektore osoak irakurtzen du, gainera: sektoreko buletin bihurtu da. Goizean 05:30ean esnatzen naiz, buletina 08:00etarako osatzeko.

Zinema jaialdi askoren berri ari zarete ematen. Zer estrategia duzue arlo horretan?

Zinema jaialdiak gure funtsezko aliatuak izatea nahi dugu. Jaialdiak, bai, horiek hil ala bizikoak dira preskripziorako. Film askoren artean hautatzen dute, asko ekoizten baita. Jaialdietan egiten ditugun ikus-entzunezko elkarrizketekin haien rola indartzen saiatzen gara. Kasu batzuetan gurea da pelikula baten lehen elkarrizketa. Sortzaileek eta ekoiztetxeek askotan partekatzen dituzte gure elkarrizketa horiek.  

Iaz, Donostiako Zinemaldian, plato bat izan zenuten Kursaalaren behealdean. Aurten itzuliko zarete?

Hori nahiko genuke. Zinemaldia pozik dago egin genuen lanarekin, eta itzuli nahi dugu.

Zineman asko hitz egiten da sariez. Estibaliz Urresola zinemagileak abenduan esan zuen sariez eta lehiaz harago beste modu batean baloratu eta ospatu behar dela kultura eta zinema. Zer diozu haren hitzez?

Errespetatzen dut eta ulertzen dut Urresolak esaten duena, baina hainbeste ekoizpen dago non sariek lagundu egiten baitute film batzuen irudia indartzen. Sarien lehian egoteak modua egin du 20.000 especies de abejas filma han eta hemen zabaldu eta ikusle asko izateko. Sarien lehia erabilgarria da industriarentzat.

Kinotico bat euskaraz egin daiteke?

Ez dut inoiz horretan pentsatu, baina ez dut baztertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.