Ia hilabetez probak egin ostean, Sant Jordi egunarekin batera, iragan asteazkenean, jarri zuen martxan El Punt Avui Kataluniako egunkariak telebistako programazioa. Bezperako elkarrizketarekin estreinatu zuten katea; Artur Mas Kataluniako presidentea izan zen telebistan. Canal Catalarekin akordioa sinatu, eta haren lizentzia erabiltzen du katalanezko telebistak. Joan Vall, (Calonge, Katalunia, 1958) egunkariko ahaldun nagusiak dio egunkariaren izaera bera duela telebistak: «Independentea eta independentista».
Prentsa idatziko hedabideak krisian dauden honetan, nolatan egin duzue telebistaren alde?
Kataluniako ikus-entzunezko panorama nola zegoen ikusita, guretzako aukera ona da telebista sortzea. Inoiz ez dugu nahi izan tokian tokiko telebisten lizentzien banaketara aurkeztu. Oraintxe, ulertzen dugu ia nazio guztiarentzako telebista egiteak etorkizunean ateak irekiko dizkigula. Hainbat euskarri uztartzeko aukera dugu orain: papera, webgunea eta telebista.
8tv, TV3, tokian tokiko kateak... Lehia ez da samurra izango.
Tokian tokiko telebistena baino gehiago, gure telebistaren eredua 8tv eta TV3 telebistekin aldera genezake. Oso argi dugu zer diru sarrerak izango ditugun. 3 milioi euro ingururenak, eta ez dugu diru horren %90 baino gehiago gastatuko. Beste telebistek gu baino aurrekontu askoz ere handiagoa dute, eta gu ez gara haiekin ikusle kuoten gerra batean sartuko. Argi dugu zer-nolako telebista egin nahi dugun: zintzoa eta profesionala. Lehendik baditugun kazetaritza eta marketin baliabideak baliatuko ditugu. Gure taldeari balioa erantsiko diogu.
Zer-nolako telebista da zuena? Zer eskainiko dio ikus-entzuleari?
Ez dugu euro bat bera ere gastatuko entretenimenduan. Kazetaritza egingo dugu, papererako eta webgunerako egiten dugun modu berberean. Zama emozional handia izango du, garai berezia baita Katalunian. Egunkaria ildo argi batean kokatu dugu aspaldi. Hainbat euskarritan produktuak plazaratuko ditugu, sinetsita gaudelako kazetaritzak bide horretan eboluzionatuko duela.
Informazioa izango da nagusi, beraz, telebistan.
Iluntzeko magazin luze batean jarri dugu indarra: L'illa de Robinson. 19:00etatik 23:00era da. Bitan ematen dugu egunero. Egunean hemezortzi ordu emango ditugu. Beste orduetan tokian tokiko telebistetako saio batzuk daude ikusgai.
Garai berezia aukeratu duzue telebista abiatzeko. Kataluniako independentzia prozesua pil-pilean dago.
Horrela uste dugu guk. Aurkezpenean, esan genuen: telebista independente eta independentista bat da gurea, egunkaria bezalakoa. Orain egiten ari garena egingo dugu, baina telebistan.
Hautsak harrotu ditu zuei lizentzia eman izanak.
Eztabaida handia piztu da; betikoak kexatu dira. Egoera ekonomiko zailean bizi gara hedabideok. Hedabideak oso lotuta daude prozesu politikoetara, eta etorkizunarengatik borrokatu behar dugu. Horixe ari gara egiten. Ikus-entzunezko euskarri bat sortzea etorkizunerako baliagarria izan daitekeela uste dugu.
Biztanleen %80ra iristen da telebista. Ba al duzue planik hedapena zabaltzeko, beste %20 horrengana heltzeko?
Negoziazioetan gaude, iristen ez garen herrialdeko toki horietara hedatzeko. Lizentziak banatuta dauden modua ikusita, nahiko korapilatsua izango da %100era iristea luze gabe. Laster, %90-95era iritsiko gara.
Uste al duzu merkatuaren joera hortik etor daitekeela?Geroz eta euskarri gehiago izatera joko al dute hedabideek?
Merkatua aldatzen ari da, eta guk ondo kokatu beharra daukagu. Ez dugu hutsune hori beste enpresen esku utzi nahi. Gauza asko nabarmendu behar dira, dugun krisialdi honetan. Urteetan askok balekotzat eman dugun negozio eredua pikutara joan da, baina irtenbidea ezin da berbera izan guztiontzat. Guk uste dugu faktore ideologikoek etorkizuneko ereduetan eragina izango dutela, euskarri aniztasunak bezainbeste. Papera ez da desagertuko; zenbait merkatutan asko iraungo du. Hainbat euskarri izateak lagungarria izango zaigu guri.
Komunikazioa. Joan Vall. 'El Punt Avui'-ko aholkulari nagusia
«Zama emozional handia izango du telebistak, berezia delako unea»
Etorkizunerako apustu estrategiko indartsua egin du Kataluniako egunkariak. Informazioko telebista katea abiatu berri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu