Zarauzko Arraio irrati librea gaztetxe berritik ari da emititzen

Irratiak baimena eskatu du legezko frekuentzia lortzeko. Aurreko gaztetxean baino baldintza hobeagoetan ari dira irratsaioak egiten

Arraio irratiko bi kide, Zarauzko gaztetxe berrian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iazko uda bukaeran Zarauzko (Gipuzkoa) Arraio irrati libreak eten bat egin behar izan zuen, Putzuzulo gaztetxea eraitsi egin baitzuten. Baina gaztetxe berrira joan ziren handik hilabete gutxira, eta azaroan ekin zieten emanaldiei. Bizkaia kaleko 61. zenbakian dago gaztetxe berria —urtarrilaren 14an ateak irekitzeko eguna izan zuten, baina ez dute oraindik inauguratu, eta ez dira kontzertuekin hasi—. Irratiarentzat aurrerapauso bat izan da gaztetxe berrian aritzea. «Askoz erosoago gaude Putzuzulon baino», esan du Izotz Barriok —Arraion 2007tik ari da, irratia sortu zenetik—. «Saioak egiteko kabina aurrekoa baino hiru aldiz handiagoa da, eta beste gela bat ere badaukagu. Lurra berria da, txukun dago dena».

Horrenbestez, Arraiokoek herritarrak saioak egitera animatu dituzte. «Jendea animatzea falta da, inork gogoa badu etortzeko, etor dadila», esan du Barriok.

Programazioari dagokionez, Arrosa irrati sarearen laguntza nabarmendu du Barriok. «Arrosaren garrantzia sekulakoa da guretzat, eguneko 24 orduak betetzeko. Arrosaren proiektua oso indartsua da».

Saio propioen artean, berrietako bat Patiyoko atzuak da. Magazin bat da, eta Libe Eizagirrek eta Nora Muñoak aurkezten dute. Bi astean behin egiten dute. Iragarri dutenez, Hala Bedi irratiko 2matx saioarekin elkarlanean hasiko dira gaur.

Baimena eskatu dute

Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako irrati libre askok legezko frekuentziak lortzeko aukera izan dezakete, Espainiako Ikus-entzunezko Komunikaziaren Lege berriari esker. Urtarrileko lehen astean amaitu zen eskaria egiteko epea, eta Arraiok egin du eskari hori. «Erotuta ibili gara agiriak aurkezteko, baina eskaria egin dugu», azaldu du Barriok. Hala egin dute Arrosa sareko beste zazpi irratik ere. Eusko Jaurlaritzaren esku geldituko da orain baimen hori eta frekuentzia eman ala ez.

Bitartean, Arraiok gastu batzuk egin ditu, eta horiei buelta ematen saiatuko da datozen hilabeteetan. «Ekitaldi batzuk antolatuko ditugu datozen hilabeteetarako. Gurea proiektu autogestionatua da», nabarmendu du Barriok. Izan ere, irrati librearen diru sarrerarik handienak jaietan eta kontzertuetan lortzen dituzte. Laster ekingo diete ekitaldi horiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.