Kultuko lantzat jotzen dira zenbai telesail, gero eta gehiago. Joan ziren The Wire eta The Sopranos, baina zaleen pasioa sorrarazi duten telesail berriak iritsi dira. Hollywoodeko zinemagile eta aktore prestigiotsuek ere ez dute arazorik batere telebistarako aritzeko, baldin eta telesailen gidoiak kalitatezkoak badira.
2014. urtean izan ziren nabarmendu diren telesailak. American Film Institute erakundeak onenen zerrendan sartu ditu, adibidez, Game of Thrones eta Mad Men —aurten amaituko da betiko—. BERRIAk Gaizka Izagirre diseinatzaile eta zinemagile donostiarrari eskatu dio urteko telesail onenen zerrenda propioa egiteko; www.argia.eus/blogak/gaizka-izagirre/ blogean eta Gaztezulo-naritzen da telesailez. Eta zerrendaren tontorrean, True Detective kokatu du. «Izugarria, iluna, gogorra, paregabea, antologia dramatiko bat». Modu horretan definitu du Izagirrek Nic Pizzolattok sortutako drama. HBO katearen telesailaren zortzi atal eman dituzte lehen denboraldian. «Pertsonaien ikerketa metodiko eta milimetrikoa eskaini digun maisulana izan da», gehitu du Izagirrek. Cary Fukunaga dabil zuzendari, eta Matthew McCounaughey eta Woody Harrelson dira aktore protagonistak. Webgune espezializatu batzuetan deigarritzat jo dute American Film Institutek onenen zerrendan sartu ez izana.
Fargo da American Film Institutek, Izagirrek eta beste aditu batzuek onenen artean sartu duten telesail bat. Coen anaiek 1996an egindako filmaren unibertso bera eraiki du Noah Hawley gidoilariak. FX kateak arrakasta handiarekin eman zuen, eta aurten hamar ataleko bigarren denboraldi bat izango du. Aktore protagonistak Billy Bob Thornton, Allison Tolman, Colin Hanks eta Martin Freeman dira. Telesail labur onenaren Emmy saria irabazi zuen.
AEBetatik kanpo ere egin dituzte telesail finak 2014an. Horietako bat Happy Valley britaniarra izan dela nabarmendu du Izagirrek. «Tentsioa plano guztietan bizi, eta sentimenduak keinu bakoitzean arnastu ditugu. Trama erakargarri bat aurkitu dugu, Coen anaien kutsuak zipriztinduta, baina britaniar erara».
Kontsumo mota berri bat
2015ean, bestalde, zer esana emango duten telesail berriak iritsiko dira: Breaking Bad sarituaren spin-off-ean Saul Goodman arituko da protagonista, Better Call Saul izenburuarekin. PlayStationek aurrenekoz ekoizpen propio bat egin du: Powers —M. Night Shyamalanek zuzendu du—. HBOk, batetik, Michael Crichtonen liburuan oinarritutako Westworld estreinatuko du. Kate berean estreinatzeko, 1970eko hamarkadako musikaren munduan oinarritutako telesail bat ekoitziko du Martin Scorsesek, Mick Jaggerren laguntzarekin.
Telesail horiek ikusteko, zale gehienak ez dira telebista jeneralisten emanaldien zain izango. «Telesailen kontsumoa asko aldatu da azkeneko urteetan», azaldu du Izagirrek. «Jendeari berdin zaio jatorrizko hizkuntzan dagoen, ekoizpena amerikarra ala errusiarra den, zer iraupen duen edo zein aktore dituen. Istorioak eta pertsonaiek harrapatzen gaituzten unetik zaletasuna geldiezina bihurtzen da». Sarean harrapatuta bizi dira zale asko.
Zinema onenaren pare
Gaizka Izagirre zinemagile eta blogariaren ustez, HBO kateko 'True detective' izan da 2014ko telesail onena. 'Happy Valley' eta 'Fargo' ere onenen zerrendan sartu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu