Zortzi podcast egin dituzte BERRIAren urteurrenerako

Gaurtik aurrera izango da entzungai 'Aldi hau kontatzeko' podcast saila. Ane Fernandez Aranburuk gidatu ditu atal guztiak

Ane Fernandez, Ainara Lasa eta Iban Arregi, Aldi hau kontatzeko podcast sailaren grabaketa batean. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hogei urte bete dira gaur BERRIAk lehen zenbakia argitaratu zuenetik, eta hainbat eduki prestatu ditu egunkariak hogeigarren urteurrena ospatzeko. Joan den larunbatean egin zuen ekitaldi ofiziala, Donostian. Gaur, berriz, gehigarri berezi bat argitaratu du askotariko artikuluekin. Eta gaur bertan, Aldi hau kontatzeko izeneko podcast saila estreinatuko du. Zortzi atal dira, bakoitza bere gaiarekin; hogei urte hauen errepasoa egiteko batetik, eta aurrera begiratzeko bestetik.

Ikusi gehiago:'Aldi hau kontatzeko' podcast saila

Ane Fernandez BERRIAko marketin teknikariak aurkeztu ditu podcastak. Arlo teknikoan, Olatz Artola eta Lara Madinabeitia aritu dira. Halaber, BERRIAko langile askoren ahotsak entzun daitezke.

Fernandezek audio sailaren funtsa azaldu du: «Nahi duguna da entzuleek BERRIA barrutik ezagutzea». Ez da kasualitatea podcast saila sortu izana. «BERRIA bide bat egiten ari da audiogintzan, eta iruditu zaigu podcasta formatu egokia dela urteotako bizipenak eta esperientziak kontatzeko», azaldu du Fernandezek.

Zortzi atal ditu sailak. «Guretzat funtsezkoak diren gaiak dira, eta kanpotik nola ikusten gaituzten ere jaso dugu». Honako hauek dira gaiak: euskara, naziotasuna, feminismoa, mundua, kanpo begirada, komunitatea, kultura eta anekdotak. Azken atal horretan, urteotako hainbat pasadizo kontatuko dituzte BERRIAko langileek.

«Ahots asko dituen podcast sail bat da», esan du aurkezleak. Bestalde, atalek ez dute egitura bateratua. «Bakoitzari egokitutako egitura dute podcastek». Batzuetan elkarrizketak dira hari nagusia. Eta, besteetan, ahots zati ugariz osatuta dago gaia. «Tonu gertukoa dute denek, edonola ere». Iraupena ere ez da bera: 20-40 minutu artekoak dira podcastak.

Askotariko solasaldiak

Podcast gehienak Andoainen grabatu dituzte (Gipuzkoa), BERRIAren egoitzan bertan. Eta sail askotako langileak jarri dituzte hizketan.

Feminismoari buruzko atalean, Maite Asensio eta Uxue Rey kazetariek eta Elene Barandiaran BERRIAko barne antolaketako arduradunak parte hartu dute. Euskarari buruzkoan, Irene Arrarats euskara taldeko arduradunarekin egin du elkarrizketa Fernandezek. Naziotasunaz ere mintzatu dira beste podcast batean, Amagoia Mujika zuzendari berriarekin, Ekhi Erremundegi Baionako ordezkaritzako kazetariarekin eta Ion Orzaiz Iruñeko ordezkaritzako kazetariarekin.

Beste solasaldi batean, Ainara Lasa BERRIAko marketin saileko koordinatzaileak eta Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak parte hartu dute. Komunitateaz mintzatu dira, Fernandezen galderei erantzunda.

BERRIAn eta Euskaldunon Egunkaria-n kazetari aritutako hainbat lagun ere entzun ahalko dira podcastetan: esate baterako, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria.

Podcastetan entzun ahalko dira, halaber, zenbait kulturgile eta ikerlari, baita egunkariaren kolaboratzaileak ere. Kanpoko begirada jaso dute podcastetan; esate baterako, irakurle gazte batzuk elkarrizketatu ditu Fernandezek. «Eta gurekin denbora asko daramaten irakurleekin ere egon gara».

Podcastak entzutea BERRIA zer den jakiteko modu bat ere bada. Izan ere, BERRIAren balioak eta gai propioak jasotzen dira saio horietan. Gainera, atal guztietan daude kanpoko kolaboratzaileen ekarpenak. Kulturari eskainitakoan parte hartu dute Aner Peritz bertsolariak, Mejilllon Tigre kolektiboko sortzaileek eta Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoristek.

Zati batzuk, gehigarrian

Zortzi podcast horietan entzungo diren iritzi, pasadizo eta azalpenetako batzuk idatzita agertuko dira gaur 20. urteurreneko gehigarri berezian. Ia ehun orrialdeko gehigarria da, mimoz prestatu dutena. Martxelo Otamendik eta Amagoia Mujikak gutun bana idatzi dute gehigarrirako, eta BERRIA Taldeko lehendakari Beatriz Zabalondori egindako elkarrizketa bat irakur daiteke bertan. BERRIAn aritutako hainbat kazetarik ere idatzi dute gehigarrirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.