Zibergela

Zuhaitz genealogikoak Interneten

Egun Interneten denetarik egin daiteke, baita familiaren historian atzera begiratu ere. Izan ere, webgune batzuek norberaren zuhaitz genealogikoa kudeatzeko aukera eskaintzen dute, senideen datu, argazki eta bideoak txertatuz.

2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bitarlan informatika eta Web Zerbitzuak

Egun Interneten denetarik aurki daiteke, era askotako aplikazioak daude amaraunean. Teknologia berriek ere atzera begiratzeko aukera ematen dute, eta iraganean murgil daiteke edozein erabiltzaile. Horren adibide garbia gaurko gaia litzateke: zuhaitz genealogikoak egiteko on-line aplikazioak.

Gnoom

Gnoom oso aplikazio ezaguna da zuhaitz genealogikoak on-line egiteko eta partekatzeko. Nahiko webgune jatorra eta erabilerraza da. Gnoom proiektuaren helbidea http://www.gnoom.com da. Hasiera pantailan erabiltzailearen izena, abizenak, generoa eta helbide elektronikoa jarrita, berehala has daiteke zuhaitz genealogikoa garatzen. Zuhaitz genealogikoan senideak eta haien datuak osatuz joan daiteke. Gainera, senideei Gnoomen sartzeko gonbidapena bidali ahal zaie, haiek ere zuhaitz genealogikoa osa dezaten. Senide bakoitzak hainbat datu eta argazki txerta ditzake Gnoomen.

Senideekin komunikatzeko hainbat bide eskaintzen ditu. Facebookekin bateragarria izateaz gain, txata, foroa eta mezuak bidaltzeko aukera ere ematen du. Bestalde, argazkiak, bideoak eta dokumentuak partekatu daitezke. Senideak mapan geolokalizatzeko bide ere ematen du, Google Mapsen azpiegitura erabilita. Azkenik, egutegi batean sendiari dagozkion gertakizunak ere idatzi daitezke Gnoomen bidez.

Funtzionalitatearen zein itxuraren aldetik sare sozial bat da, baina senideei bideratuta. Izan ere, ohiko sare sozialen antzera, Gnoomek horma bat du, eta mikroblogging edo mezu motzak idatz daitezke.

Horrez gain, Gnoomek webguneetan eta sare sozialetan hain ohikoa ez den aukera bat eskaintzen du; segurtasun kopiak egiteko aukera, hain zuzen ere. Baina aukera hori soilik ordainpeko kontu batekin dago eskuragarri. Ordainpeko kontuak 24 urterako balio du, eta, segurtasun kopiak egiteko aukeraz gain, beste aukera batzuk ere baditu.

Pribatutasun handia du aplikazioak. Gnoomen sartzen den informazio guztia pribatua da, eta erabiltzaile baten zuhaitza eta informazioa haren kontaktuek edo senideek baino ezin dute ºikusi.

Kanpo bilatzaile batek beste erabiltzaileen zuhaitz genealogikoetan norberaren senideak eta arbasoak aurkitzeko aukera eskaintzen du. Datuak pribatuak direnez, ordea, daturen bat edo beste baino ez da agertzen. Hala ere, senide hori erabiltzailearekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen du.

Gnoom euskaraz ez egonarren, webgune eleaniztuna da, eta frantsesa, gaztelera, ingelesa eta beste hainbat hizkuntza erabil daitezke.

'MyHeritage.com'

Myheritage.com webgunea ere oso ezaguna da, baita erabilia ere. Orotara, 60 milioi erabiltzaile, 832 milioi profil eta 20 milioi zuhaitz genealogiko inguru ditu. Sare sozial horren webgunea ondokoa da: http://www.myheritage.com/. Funtzionalitatearen aldetik, My Heritage eta Gnoom oso antzekoak dira, ohiko sare sozialek eskaintzen dituzten aukerak baitituzte. Proiektu hori ere dohainik erabil daiteke, ordainpeko profila ere eskaintzen duen arren. MyHeritage.com webgunean erabiltzailearen izena, helbide elektronikoa eta gurasoak zehazten dira. Ondoren, erabiltzailea zuhaitza sortzen, familiaren argazkiak jartzen eta datuak edo gertaerak kudeatzen has daiteke. Argazkiak etiketatzea ere uzten du aplikazioak. Bitxikeriaren bat edo beste ere badu: senideen argazkiekin memoria joko bat eskaintzen du. Bestalde, senideen antza duten pertsona ospetsuak aurkitzeko gauza ere bada.

Family Tree Builder

www.MyHeritage.com webgunean ere zuhaitz genealogikoa kudeatzeko mahai gaineko aplikazio bat jaisteko aukera dago. Family Tree Builder du izena, eta dohainik deskargatu daiteke. Oso egokia da mahai gaineko ingurunea web ingurunea baino gehiago gustuko dutenentzat. Hori bai, tamalez, oraingoz, MS Windows sistemetarako baino ez dago eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.