'Snow White and the Huntsman'
Zuzendaria: Rupert Sanders. Aktoreak: Kristen Stewart, Chris Hemsworth, Charlize Theron. Herrialdea: AEB. Iraupena: 127 minutu.
Urteetan gutxietsia, iraindua eta mespretxatua izan ondoren, 90eko hamarkadaren amaieran telebista zinemagile askoren —zuzendari, gidoilari zein aktore— babesleku bihurtzen hasi zen. Etekin azkarra bilatzen zuten ekoizpen erraldoi eta garestien artean, kalitatezko lana eta proiektu interesgarriak egiteko ia aukera bakarra bihurtu zen. Zinemarik onena telebistan dela esaten hasi zen, gaur egun nahiko arrunta den baieztapena.
Hainbat urteren ondoren, kontrako eragina hasi gara sumatzen. Telesail ezagun askok utzi duten arrastoa edo sortu duten hizkera propioa pantaila handirako egiten diren pelikula askotan ikusten ahal da. Kasurik nabarmena The Wire handiak thriller garaikide askotan duen itzala da. Eta Snow White and the Huntsman honetan gauza bera gertatzen da, nekez ulertzen baita filma Game of Thrones telesail arrakastatsua aintzat hartu gabe.
Grimm anaien ipuina aitzakia gisa erabili du Rupert Sandersek abenturazko film epiko eta fantasiazko bat egiteko, molde klasikoei ongi segituta. Jatorrizkoaren osagairik funtsezkoenak baliatu ditu —bi pertsonaia nagusiak, ispilu magikoa, ia oharkabean agertuko diren ipotxak—, baina filma zinema egiteko molde eta bokazio batean oinarritzen da, egun efektu berezi itogarrien azpian deuseztatua dagoena.
Abentura, bere adierarik jatorrenean; oztopoz beteriko ihesaldia; han eta hemen agertuko diren etsai eta lagunak. Bide horretan, pisu handiko beste erreferentzia batzuk agertuko dira: Peter Jacksonen eraztunen erreinua, Robin Hood jostalaria, King Kong bera agertuko da troll baten mozorropean ezkutatuta, eta westerna ere ez da oso urruti ibiliko zenbaitetan. 80ko hamarkadan izan zen abenturazko genero klasikoa berreskuratzeko azken saioa; horregatik, Willow oso gogoan izan du zuzendari jakintsuak.
Printzesak, soldadu beltzak, gazteluak, baso beldurgarria, izaki harrigarriak, ezpatak eta geziak... Horiek guztiak, Edurnezuriren bertsio fantastikoa eta ilunena egiteko. Ez da dena zuri, anbiguoa da dena. Hor da, esate baterako, hiru pertsonaren arteko amodio harremana, Star Wars-etik hartua dagoena, printzesak Han Solorekin txora-txora eginda egon arren, Skywalker zozoarekin gelditu behar izan zuenean.
Ipuin klasiko bat molde guztiz berritzailean emana, eta modu horretan lurperatuta zegoen genero klasiko bat berreskuratua.
Kritika. Zinema
Abentura eta fantasia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu