'Los pasos dobles'
Zuzendaria: Isaki Lacuesta. Aktoreak: Bokar Dembele, Miquel Barcelo, Amo Pegnere Dolo, Amassagou Dolo. Herrialdea: Espainia-Suitza. Iraupena: 86 min.
François Augieras artista frantziar misteriotsua berpiztu du Isaki Lacuestak, eta haren espiritua Miquel Barcelorengan haragitu. Afrika dute inspirazio iturri biek ala biek, haien lana ezinbestean dago hango lurrei lotua. Nolabaiteko Vila-Matas kameraduna balitz bezala, bien arteko paralelismotik abiatuta, sorkuntzaz, artearen misterioaz, iragankortasunaz eta identitatearen aniztasunaz gogoeta egin du zuzendari katalanak.
Ohi bezala, ez da narrazio klasikoaren konbentzioetara makurtu. Esperimentu filmikoa da Los pasos dobles, hainbat plano narratibo elkarren gainean jartzen dituen puzzle bisuala. Baita genero nahasketa ere; besteak beste road movie, spaghetti western zein beldurrezko generoetatik — albinoen agerraldia— elikatzen da pelikula.
Estetikoki ederra da filma, eta eskertzekoa da zuzendariak hain urrun gelditzen zaigun Afrika hori hurbiltzeko egin duen ahalegina, mitifikazioan erori gabe. Baina filmak barnean gordetzen dituen sekretu guztiek ez dute espero bezain ongi bat egiten, eta azken emaitzak atal soltez egindako collage handi baten itxura hartzen du.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Afrika hurbila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu