Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Bereziak

Agoten iragana eta oraina

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'Baztan'

Zuzendaria: Iñaki Elizalde.

Herrialdea: Euskal Herria.

Iraupena: 98 minutu..

Iñaki Elizalde nafarra film laburrengatik da ezaguna. Bere lanak hainbat nazioarteko jaialditan saritu dituzte. Patesnak, un cuento de navidad Oscar saria irabazteko hautagaia izan zen fikziozko film labur onenaren kategorian. Aurten, Baztan izeneko opera prima aurkeztu du Zabaltegi Bereziak sailean. Tamalez, filmak ez du ikuslea harrapatzerik lortzen, eta beraz, sentsazio gazi-gozoa uzten du. Gainera, agoten XVII. mendeko istorioa (iragana) eta agot horiek interpretatzeko kontratatua izan den lantaldearen istorioa (orainaldia) uztartu izanak ez dio askorik laguntzen, nahasmena areagotu besterik ez baitu egiten. Pertsonaia batzuk soberan daude, eta narrazioa trabatu eta korapilatu egiten dute; horregatik, haria jarraitzea zail gertatzen da batzuetan. Egileak ez du mundu koherente bat eraikitzerik lortu; zati ezberdinen bilduma bat osatu du. Baina filmaren bertuteak ere aintzat hartu beharrekoak dira, noski. Agoten gaia biziki interesgarria da, askok ez baitute kasua ezagutu ere egingo. Haiek jasandako jazarpenak ezezaguna izaten jarraitzen du oraindik ere, eta horregatik, mespretxatuak eta baztertuak izan zirenen istorioa berreskuratzea benetan garrantzitsua da. Bestalde, herritarrek kontatzen dituzten kondairek eta paisaien edertasunak xarma handia ematen diote. Burtonen unibertso gotikoaren pareko irudi eder eta aldi berean ilunak ageri dira pantailan; atmosferak Sleepy Hollow dakar gogora. Medemen Vacas lurralde horretan bertan filmatua izan zen duela 20 bat urte, eta apustu baten bidez omenaldi xumea egin nahi izan dio. Baztango jendearen iragana eta orainaldia uztartzea izan du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.