Kritika. Zinema

Al Kaedaren karikatura

Gontzal Agote.
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
'Four Lions'

Zuzendaria: Christopher Morris. Aktoreak: Will Adamsdale, Riz Ahmed, Adeel Akhtar. Herrialdea: Erresuma batua. Iraupena: 97 min.

Mundu ero hau nola dagoen ikusita, ez dira han eta hemen ironia erabiltzeko aukerak faltan. Baina, arrazoi desberdinak direla, gai batzuek tabu izaten segitzen dute. Besteak beste, delikatu samar izaten ahal delako horiek jorratzea. Sortzaile gehienentzat islamarekin lotutako kontu asko kategoria horren barruan sartzen dira. Theo Van Goghekin edo Mahomaren karikaturekin gertatutakoak oraindik bizi-bizirik daude, eta horrek auto-zentsuraren alarma guztiak piztu ditu.

Zorionez, gisako lege ezkuturik ez da Christopher Morrisentzat egina. Erresuma Batuan egin dituen telebista sailekin ederki demostratu du berarentzat ez dela gai delikaturik, ezinbestean polemistaren fama irabazi du. Pantaila handira egin duen sarerik gabeko jauziak ez dio etiketa hori kentzen lagunduko, argi dago ez zaiola horrelakorik sobera kezkatzen.

Erresuma Batuan atentatu handi bat egin nahi duen talde terrorista baten gorabeherak dira filmaren ardatza, hortik dago eraikia film osoa. Musulmanak dira eta nazkatuta daude herrialde horrekin jasaten duten tratuarekin. Hori dela eta, jihad-arekin bat egin eta ekintza sonatu bat prestatu nahiko dute. Afera da ez dutela inongo prestakuntzarik, ez dakitela bere asmoa gauzatzen nondik hasi. Horrez gain, taldekideak nahiko xelebreak dira.

Umore beltza eta planteamenduaren ausardia dira Four Lions-eko motore nagusiak. Gordina da filma, dituen gehiegikeriak alde batera utzita, kontatzen duen guztia errealitate hurbilean oinarritzen delako. Morrisek ez du pelikula jatorra egin nahi izan, ez du inoren konplizitatea bilatzen, musulman askok ez dute gustuko izan, baina britainiar askok ere uste dute gaia modu arinean eman duela.

Four Lions-ek sasi-dokumental baten itxura du, ia-ia reality-show balitz bezala jasoa dago istorioa. Urduri mugitzen den kamera, muntatze azkarra, eszenaratze biluzia… horrekin guztiarekin gaiak duen hurbiltasuna areagotzea lortuko du. Umorearen trataeran, berriz, Monty Python zein Erresuma Batuko telesailetako erreferentziak agerikoak dira ——urrunegi joan gabe In the Loop (Armando Ianucci, 2009)—.

Filmak duen arazo nagusia da nekez mantentzen ahalko duela hasierako tentsioa; behin ikusleak barneratzen duela abiapuntu apurtzailea, gorabeheratsua gertatuko da istorioa, egoera zinez surrealistekin batera, traketsagoak diren beste batzuk izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.