Kritika. Opera

Amaiera arranditsua

2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
'Nabucco'

Musika Zuzendaria: Massimo Zanetti. Eszena zuzendaria: Daniela Abbado. Orkestra: Parmako Regio antzokiaren orkestra. Abesbatza: Bilboko Operakoa. Lekua: Bilboko Euskalduna Antzokia. Eguna: Maiatzak 19.

OLBEk Bilboko publikoaren besoetara jo du, eta Verdiren gaztaroko obra seguruenari heldu dio denboraldiaren bukaerarako; hots, guztiz ospetsua den Nabuccodonosor melodramara. Eta nahiz eta denboraldiko onenen parera heldu ez, ez zuten oraingoan ere okerrik egin, batez ere, Maria Guleghina harrigarriari esker. Izan ere, Abigail bekaizti eta bortitzaren rol hau eder bete zuen soprano dramatiko honek, eta behar direngaitasunak erakutsi ere bai: bolumen handiko ahots koloretsua, tesitura baxuenetatik jauzienetan agudoenetara jotzeko erraztasuna, messa di voce, gurguilu eta filado paregabeak, lerro-kantu egokiak aldatzeko gaitasuna, aria dramatikoetan zein amodiozkoetan... Haren ondoan zeuden gainontzeko abeslariek beste maila batean ziruditen. Esaterako, Frontali baritonoak, Nabukoren rol protagonistan erabateko entrega izan zuen erdi bolumeneko ahotsarekin, baina motel aritu zen indarrezko adierazkortasunean, tauletan ondo egon arren. Meritu handikoa da, berriz, Colombara baxuak menperatu zituen muturreko tesiturak, afinazioa arriskatuz eginiko portamentuetan, baina ahots atsegina adieraziz, batez ere erregistro grabean. Beste maila batean, Rinaldi sopranoak gozotasunarekin abestu zuen bere azken aria, eta Rog tenorrak ahots ederra zabaldu zuen gehiegitxo pasatu arren. Otxoa sopranoak ahots polita haizeratu zuen, De la O-k eta Iturratek egoki bete zuten haren partaidetza laburra.

Ia protagonisten pareko garrantzia du abesbatzak opera honetan, eta Bilboko Operaren Abesbatzak bikain abestu zuen bai pasarte zangarretan —gehienetan— bai apalenetan —Va pensiero— , Boris Dujinen zuzendaritzapean. Gustatu zaitzaigun Parmako Regio antzokiaren orkestra, buru-belarri egon zen Massimo Zanettiren ardurapean: haren eskuetan Verdi indartsu eta egokia entzun izan zen. Daniele Abbadoren eszena, aldiz, egonkor eta epela izan zen,baita argiak eta arropak ere, Nabuccorenak salbu. Agian igaro diren denborarako egokiagoak, ez ordea, Euskaldunak dituen baliabideentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.