Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika

Amaiera duina

Arkaitz Mendoza.
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Kursaal auditoriuma

Bambergeko Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia

Zuzendaria: Jonathan Nott. Egitaraua: Igor Stravinskiren Haize instrumentuentzako sinfoniak eta Salmoen Sinfonia eta Claude Debussyren Jokoak eta Itsasoa.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 2.

Bezperako Gustav Mahlerren Seigarren sinfonia erraldoia interpretatu eta gero, futbol partida bat balitz bezala, Bambergeko Orkestra Sinfonikoak musikari batzuen aldaketa eskatzen zuen, nekea zela eta. Larunbatean egindako esfortzua galanta izan zen, eta horrelako orkestra sinfoniko handi batek postu bakoitzean bizpahiru musikari tartekatzen dituen arren, aldaketa horiek kalitatean eragin zorrotza izan zuten Musika Hamabostaldiko azkeneko kontzertu honetan. Mahlerren sinfoniarekin amaitu beharko litzateke hain maite dugun gure musika jaialdia, amaiera biribilago baten premian. Igor Stravinskiren lanak haize taldeko ordezko musikariak plazaratu zituen, baita lan duin bat egin ere, baina Bambergeko orkestrak erakutsitako bikaintasunetik urrun. Jonathan Nott zuzendaria ere nekaturik, Stravinskik eskatzen dituen abiadura aldaketak ahalik eta garbien adieraziz eta kito.

Donostiako Orfeoia, aurtengo Musika Hamabostaldian eskaini duen hirugarren kontzertu honetan, orkestraren duintasunean mantendu zen. Salmoen sinfonia-k ez du Sergei Prokofieven Ivan Izugarria-rekin zerikusirik, abesbatza biluziago agertzen baita zenbait ataletan. Horra hor afinazio kontuetan zalantzatsu interpretatu zen Expectans expectavi Dominum txatala, non soprano zein baxuen agerraldiek hain beharrezko den ziurtasun puntuaren falta izan zuten. Hilabete lanpetu honetan ahots taldeak izan duen lana aintzat hartu beharrekoa izan da, ez hain ikusgarri azkeneko honetan, baina arranditsu bai Prokofiev bai Meza Glagolitikoa-n.

Bambergeko orkestrak, aurten izan dituen hiru erakustaldietan, malgutasun itzela azaldu du garai ezberdinetako musikak primerako mailan interpreta ditzakeela frogatuz, etorkizunean Nott zuzendari izarraren babesean zorion handiko oparotasuna izango dutela antzemanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.