Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika. Kursaal auditoriuma

Amaigabea amaituz

Arkaitz Mendoza.
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Bambergeko Orkestra Sinfonikoa

Egitaraua: Charles Ivesen 'The Unanswered Question', Franz Schuberten 'Sinfonia Amaigabea' eta Johannes Brahmsen 'Pianorako 2. Kontzertua'.

Zuzendaria: Jonathan Nott.

Piano jotzailea: Christian Zacharias.

Lekua: Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 30.

Johannes Brahms ez da Wolfgang Amadeus Mozart. Brahmsen musika pianoan era egokian jotzeko soinuak sorbaldan hasi beharko luke, hortik zuzentzen baita besoaren pisu indar osoa, gero teklatuan barrena era biribilean edozein pasarte burutzeko. Mozart jotzeko, ordea, hatz arin batzuekin nahikoa da, pisuak ez du garrantzirik, den-dena hatzen abilezian irudikatzen baita. Musika Hamabostaldiko hain lagun izan dugun Christian Zacharias piano jotzaileak azken urteotan Mozart txundigarri bat eskaini digu bere Piano kontzertuak-en bitartez. Hala ere, Brahms jotzeko garaian, eskumutur gogortu batekin ezin azken horren kutsu erromantikoaren soinu gordina zabaldu.

Bambergeko orkestrak ikaragarrizko kontzertu betea oparitu zigun, hasieratik amaierara arte. Zacharias genuen izar, baina Brahmsen interpretazioan Jonathan Nott izan zen benetako izar. Zuzendari ingelesak bikain landutako orkestra bat aurkeztu zuen, pianoaren lagun, babes eta dotorezia apartez. Zacharias motz geratu zen musika estilo horretan. Atzoko kontzertuan landutako Ludwig van Beethovenen Sonata-n ziur nago erosoago sentituko zela suitzarra, musika horretan kokatzen baita bere maisutasunik gorena. Allegretto grazioso garden eta fidagarri bat hautatu beharko genuke haren Brahmsen errepertoriotik.

Berriz ere, Nott izendatu behar. Haren bi eskuetan, hamar hatzetan, haren jakinduria esku argitsuen islapean zabaltzen du zuzendari ingelesak. Txalogarri eta zoragarri. Franz Schuberten Sinfonia Amaigabea guztiz amaitu zuen eskainitako interpretazioa entzunda, oro bere neurrian, ez klasiko, ez erromantiko, dena koloreztapen bikainean. Charles Ivesen pieza kosmikoa jaki bikaina izan zen jarraian Schuberten sinfoniaz gozatzeko, entzumena sentiberatasun apartean gozo prestatuz. Flauta eta oboean genituen bi musikarien arteko harremana estua izan zen infonian zehar, harizko instrumentu hunkigarri batzuen babesean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.