Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Amerika

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
'The Woman'

Zuzendaria. Lucky McKee. Aktoreak. Pollyanna McIntosh, Sean Bridgers, Angela Bettis, Carlee Baker, Shana Barry. Herrialdea. AEB. Iraupena. 102 minutu.

Lucky McKee estatubatuarraren The Woman azken filmak publikoa harri eta lur uzteko dohaina du, eta, bide batez, familiaren inguruko hausnarketa plazaratzea du helburu. Basoan bizi den emakume baten istorioa aurkezten zaigu hasiera batean, baina kamerak zibilizaziora jausi egingo du berehala, zuzendariak Mendebaldeko zibilizazioa baitu jomuga. Estatu Batuetako familia tipiko baten etxera gonbidatzen gaitu egile kaliforniarrak; kasu honetan gaizkia ordezkatzen duena ez da zonbia, gizotsoa, trolla edota banpiroa izango, aita xelebre bat baizik. Argi dago beldurra edo ezinegona eragiteko ez dagoela fantasiara jo beharrik, egunerokotasunak nahiko aukera eskaintzen baitu horretarako.

Zibilizazioaren eta basakeriaren arteko dialektika eraikuntza hutsa dela frogatu nahi digu filmak. Westernetan legearen eta arrazoiaren garaipena erakusten zen, baina Amerika basatien lurraldea da oraindik. Indiarrak akabatzeak ez zuen ezertarako balio izan, primitiboek bertan segitzen baitute. Gizartean bizi diren asko eta asko animaliak baino ankerragoak dira, eta, horregatik, norberaren maskararen atzean ezkutatzen dena agerian utzi nahi izan du McKeek. Aitak funtzionario gisa lan egiten du, eta egunero traje dotorea jantzi eta etxetik ateratzen da.

Hiru seme-alaba eta emazte leiala ditu, eta badirudi familia eredugarria dela. Baina garaiotan ezin daiteke inorekin fidatu, eta irribarrea ezpainetan duen gizona deabrua bera izan daiteke. Bere ingurukoak engainatuta eduki ditzake, noski, baina bere biktimen aurpegira begiratzea nahikoa da odol hotzeko putakume nazkagarri bat dela konturatzeko. Emaztearen begietan beldurra atzeman daiteke. Ikaragarria da emakume askok bizi behar izan duten egoera pantailan ikustea; deabruarekin ituna sinatu zuen ezkondu zenean, eta ordutik infernura kondenatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.