Kritika. Zinebi jaialdia. Emanaldi bereziak

Amets baten atzetik

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
'El último magnate'

Zuzendariak: Jose Antonio Hergueta eta Olivier van der Zee. Herrialdeak: Espainia-Herbehereak-Alemania. Iraupena: 80 minutu. Urtea: 2011.

Jose Antonio Hergueta autore andaluziarrak eta Olivier van der Zee 778-Le Chanson de Roland (2011) dokumentalaren egileak Horacio Etxebarrieta enpresari bilbotarra ezagutarazteko helburuarekin egin dute El último magnate lana. Azalpenezko dokumentala da, eta off-eko ahots batek Etxebarrietaren bizitzaren nondik norakoak azaltzen ditu. Argazki pare batekin eta liburu bakar batekin hasi ziren arren, istorio ulergarri eta koherente bat osatzea lortu dute hainbat urtetako ikerketari esker. Historialarien pareko lana egin dutela azpimarratu behar da, eta balio handiko dokumentua dela ez dago esan beharrik. Etxebarrietaren figura berreskuratzeko egin duten lana txalogarria da, eta gerra arteko urteetan Euskal Herriko enpresari eta politikari arrakastatsuenaren istorio harrigarri eta interesgarria argitara ematea lortu dute. Narratzailearen ahots grabearen gidaritzapean, artxiboko irudi, argazki eta elkarrizketekin osatu dute filma. Etxebarrieta Bilboko familia burges eta boteretsuenetako bateko semea zen, eta aurrerakoia eta errepublikaren aldekoa zen arren, Primo de Riveraren eta Alfontso XIII.a erregearen babesa lortu zuen, anbizio handiko gizona zen eta. Kapital eta baliabiderik ez zitzaion falta, eta abentura atsegin zuenez, Espainiako gizonik aberats eta miretsiena izatera iritsi zen, errepublikak haren ametsak zapuztu zituen arte. Aitak utzitako meategiaz gain, egunkari, ontziola eta beste hainbat negozioren jabe zen, baina haren ametsik handiena munduko urpekorik onena egitea zen. Cadizen ontziak fabrikatzen zituen, eta negozioa primeran zihoan, baina gerra amaitutakoan egoera aldatu egin zen. Espainiako armadaren hornitzaileak britainiarrak ziren, baina alemaniarrek merkatu horretan muturra sartu nahi zuten. Etxebarrieta alemaniarren armadako gizon garrantzitsuenekin negozioak egitera iritsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.