Kritika. Dantza

Amodioa eta heriotza

Agus Perez.
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ballet du Grand Theatre de Geneve

Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Data: Martxoak 30.

Bi gai handirekin bisitatu du Euskal Herria —martxoaren 30ean Donostia eta apirilaren 1ean Miarritze— Genevako (Suitza) Ballet du Grand Theatre konpainiak. Izen berezia eduki du egitarauak: Transit umbra sed lux permanet (Iluntasuna igaro, baina argiak iraun egiten du), eta aurrekoetan bezala konpainiaren bikaintasuna frogatu da oraingo honetan ere.

Transit umbra izan da gaueko lehen pieza, eta Francesco Ventrigliak sinatu ditu koreografia, eszenografia eta jantzien diseinua. Ez da harritzekoa, koreografoak mitoen denboran eta espazioan kokatu nahi izan baitu amodioari buruzko alegoria hau, are unibertsalagoa egiteko berez unibertsala den gaia. Bide horretatik, erdi totem erdi zutabe erraldoi bat paratu du agertokiaren ezkerraldean, eta antzinako edo urruneko zibilizazio bateko itxura eman die dantzariei, emakumeak soineko ederrekin eta gizonak estilo bereko gonekin jantziz.

Arnold Schönbergen Verklärte Nacht kamera-musika (Gau argiztatua, jatorriz; La nuit transfigurée, beste askoren aburuz) izan da lehen zatiaren gidaria, eta Schönbergena ere izan liteke totem-zutabea edertzen zuen amodiozko besarkadaren margolana, eremu askotan jardun zuelako sortzaile austriarrak. Mahlerren estiloko disonantzia neurtuek eta ezaugarri emozionalek, ordea, nolabaiteko laztasuna eman diote piezari, eta zenbait momentutan bazirudien dantzarien mugimenduen helburu bakarra partitura edertzea zela. Tartean, baina, dantzaren izpiritua nagusitu da eszena batzuetan, urrats klasikoak, keinu garaikidea eta—itxura batean—askatasun pertsonala izan zitekeena konbinatuz, harik eta punturik gorenera heldu den arte amaierako pas de deux luze eta pasionatuan.

Gaueko bigarren zatiak —Sed lux permanet— Gabriel Faure-ren Requiem hartu du oinarritzat, eta kasu honetan Ken Ossola izan da koreografoa. Errauts koloreko agertoki batean, gorpu berpiztuen itxura hartu du konpainiak, eta itxura melodramatikotik hurbil ibili da zenbait momentutan, gorpuen giharretan izandako espasmo txikien eraginez. Baina mugimendu sinkopatuetatik arintasun handiko eboluzio etereo eta leunetara igaro dira laster batean, eta orduan heldu dira benetako bikaintasunera. Izan ere, Faureren musikak berak arimaren izaera immaterialaren berri ematen digu etengabe, eta horren adibiderik garbiena da Agnus Dei-rekin batera etorri den pas de deux miresgarria, batez ere bi dantzarien besoak behin eta berriro txirikordatu direnean, hipnotikoki eta abiadura zorabiagarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.